Elkarretaratzeak egin dituzte astearte arratsaldean Iruñeko Txantrea auzoan, Berriozarren eta Antsoainen, uztailaren 19an lau militarri egindako erasoaren harira goizean Guardia Zibilak eta Foruzaingoak zortzi pertsona atxilotu ostean. Azpimarratu dute atxiloketen helburua "gazteria langile eta borrokalaria izutzea" dela.
Elkarretaratzeetan bildutako ehunka lagunek behin eta berriz aldarrikatu dute antifaxismoa ez dela "delitua", baita atxilotuak aske uztea exijitu ere: Guardia Zibilak eta Foruzaingoak atxilo eramandako zortzi gazteen artean hiru adin txikikoak dira, eta horiek arratsaldean aske utzi dituzte. Naiz-ek atxilotuen gertuko iturriak aipatuta azaldu duenez, adin txikiko horietako baten etxeko atea bota dute eta haren aita eskuburdinekin lotuta eduki.
Deitzaileek adierazi dute atxiloketen helburua, "gazteria langile eta borrokalaria izutzeaz" gain, "faxismoa normalizatzea" dela: "Gero eta ageriagoa da ideologia, talde eta sinbolo faxistak normalizatzen ari direla. Normalizazio hori Euskal Herrian hain nabarmena izan ez arren, ez gaude horretatik salbu".
Instituzioei kritika
Atxiloketak "faxismoaren gorakadaren testuinguru batean" gertatu direla nabarmendu dute, eta "antifaxismoaren izenean" agintzen duen gobernu bakar batek ere ez duela "neurri eraginkorrik" hartu faxismoaren normalizazioari aurre egiteko: "Ondorioz, gazteria langileak ematen du hari aurre egiteko pausoa". Gainera, gehitu dute instituzioetan ere "faxismoa normalizatzen" ari dela.
Horren aurrean, elkarretaratzeetan aldarrikatu dute faxismoari ez zaiola "arnasik" eman behar, eta "eremu guztietan" aurre egin behar zaiola: "Faxismoaren eta hura sortzen duen gizarte ereduaren aurka antolatzea eta borrokatzea beharrezkoa da".
Uztailaren 19ko gertakaria
Atxiloketak Munduko Kopako finalean gertatutakoagatik datoz: Berriozarren aurpegia estalita zeramaten hainbat lagunek aurre egin zieten taberna batean norgehiagoka ikusten ari ziren militar talde bati. Militar horietako batek Núcleo Nacional talde faxistaren sinbologia nazia zeraman aldean. Liskarrean hainbat pertsona izan ziren zaurituta, eta Guardia Zibilak jakinarazi zuen horietako bati buruan zauri bat egin eta hainbat saihets-hezur hautsi zizkiotela.