Ehunka boluntariok arditegi bat eraiki dute Marieniako lur okupatuetan

  • Kanboko lur horiek eraikigarri gisa sailkaturik daude, baina laborantzarako eremu gisa izendatuak izatea nahi dute ELB, Ostia eta Lurzaindiak.


2026ko ekainaren 15ean - 10:03
Herritarrak Marieniako arditegia eraikitzen, igande honetan. Gure Irratia
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

ELB sindikatuak, Lurzaindia elkarteak eta Ostia sareak 50 bat ardi libre utzi zituzten ekainaren 10ean Kanboko Marienian (Lapurdi). Igande honetan, bigarren urratsa eman dute. 300 bat lagunek auzolanean eraiki dute ezarri eta kendu daitekeen arditegia, Bouygues higiezinen enpresak lur horietan egin nahi duen proiektua geldiarazteko. 

Kolektiboen nahia, ordea, haratago doa: Kanboko lur horiek berriz ere laborantzarako eremu bezala izendatzea lortu nahi dute, gaur-gaurkoz lur horiek eraikigarri gisa sailkaturik baitaude.

06:00ak aldera elkartu dira lehen boluntarioak, egurrezko etxola altxatzeko prest. Boluntarioen artean Euskal Herria Bizirik sareko kideak eta lurra suntsitu dezaketen hainbat proiektu errefusatzen dituzten militanteak zeuden; hala nola, AHT linea berria, bioerregaiak ekoizteko Lacqueko arroan aurreikusitako E-cho egitasmoa edo Prise2 izeneko higiezinen programa.

“Goizean ez zen deus; eguerdirako arditegi bat altxatu dugu denon artean. Horrek erakusten du hau ez dela laborarien kontu bat, herritar anitz gu laguntzeko prest baitira”, azaldu du Dominique Amestoy Lurzaindiako kideak, Kazeta hedabidean.  

Lurzaindiako kide Maryse Cachenautek, berriz, adierazi du mobilizaturik segituko dutela lur eremu horiek “laborantzarako duten balioa aitortua izan arte”.

Negoziazioak martxan

Bouygues enpresak egin nahi duen proiektua oztopatzeko helegiteak bata bertzearen gibelean errefusatu dituzte epaileek. Auzi bat baizik ez da bizirik. Gauzak horrela, Frantziako Estatu Kontseiluak izanen du azken hitza Marienian eraikitzeko baimenaren kontra elkarteek aurkezturiko helegiteari buruz.

Haatik, Marieniaren aldeko militanteen arabera giro politikoa "baikorragoa” da orain martxoko hauteskundeen aitzinetik baino. Herriko Kontseilu berriaren gehiengoa etxebizitza egitasmoaren kontra agertu izanaz poztu dira ELB, Lurzaindia eta Ostia. Bide beretik, proiektua geldiarazteko xedez Peio Etxeleku auzapezak alde guztiekin abiatu dituen negoziazioak baikorki baloratu dituzte.


Lurraren espekulazioa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...