argia.eus
INPRIMATU
EHUn Medikuntza euskaraz ikasteko plaza kopurua espainolezkoarekin parekatu nahi du Jaurlaritzak
  • EHUn Medikuntza euskaraz ikasteko plaza gehiago behar al diren galdetuta, hori EHUk erabaki behar duela erantzun zuen berriki Jaurlaritzak. Orain, ordea, datorren ikasturterako Medikuntzan 40 plaza gehiago eskaintzeko akordioa egin du Jaurlaritzak unibertsitate publikoarekin, eta errektoreari eskatu dio plaza horiek euskaraz izan daitezela.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko urriaren 29a
EHU

EHUk 200 plaza eskaintzen ditu Medikuntza espainolez ikasteko, eta 168 euskaraz ikasteko. Euskarazko plaza guztiak betetzen direla ikusita, eta kontuan hartuta osasun sistemak euskaraz dakiten profesionalak falta dituela, EH Bilduk hala galdetu dio berriki Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuari: euskaraz eskaintzen diren Medikuntza graduko plazak areagotzea beharrezkoa dela uste al du sailburuak? Juan Ignacio Perez Iglesias sailburuak oso labur erantzun du eta ez da busti, argudiatuta "EHUk unibertsitate-autonomia" duela horretarako.

Aste honetan, baina, Alberto Martinez Osasun sailburua Eva Ferreira EHUko errektorearekin eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko ordezkariekin bildu da, eta akordioa egin dute datorren ikasturtean Medikuntzak 40 plaza gehiago eskaini ditzan. "Sailburuak errektoreari eskatu dio plaza gehigarri horiek euskaraz izatea", gehitu du zabaldu duten oharrak. Hortaz, espainolezko eskaintzarekin parekatuko litzateke euskarazkoa, 208 plazarekin.

Espainolezko lerroa izateak zentzurik du?

Kontuak kontu, euskarazko zenbat plaza eta espainolezko zenbat, eztabaidak ez duela hor kokatu behar aldarrikatzen du hainbatek, tartean Aitor Montes medikuak. Bere hitzetan, "Medikuntza ikasleek ez dute eskubiderik ikasketak gaztelaniaz baino ez egiteko, testuinguru eleanitz honetan mediku elebakar gisa graduatzeko". Euskal Herriko Unibertsitate publikoaren betebeharra da "pazienteei arreta bi hizkuntzatan, euskaraz eta gaztelaniaz, eskaintzeko profesional konpetenteak sortzea". Montesen iritziz, eredu bakarra izan beharko luke EHUren Medikuntza karrerak, non ikasleek derrigorrez euskarazko eta gaztelaniazko ikasgaiak izango dituzten, eta ingelesa ere ikasiko duten, "nazioarteko jakintza asko hizkuntza horretan dagoelako".