argia.eus
INPRIMATU
2026ko uztailaren 3a
USaPeko zuzentzaileei elkartasuna adierazteko EHUko irakasleek sinadura bilketa abiatu dute
  • Unibertsitateko irakasle eta ikerlariek salatu dute Euskara eta Literatura II azterketen auziak, zuzentzaileen "profesionaltasuna" kolokan jartzeaz gain, EHU "jomugan" jarri dutela eta hezkuntza sistema publiko "osoaren" zilegitasunaren aurka egin dutela. Auzia "larria" dela azpimarratu dute, eta aurreikusi dute ondorioak ere hala izango direla. "Nork nahi izango du hurrengo urtean USaPeko irakasle edo zuzentzaile izan?"

Unibertsitatera sartzeko proba ORAIN

Hilabete egingo du laster eta gaiak pil-pilean jarraitzen du. Unibertsitatera sartzeko probako (USaP) Euskara eta Literatura II irakasgaian egondako emaitza kaxkarrek zeresana eman dute, zero bat eskuratu zutenek epaitegietara jo eta zalaparta piztu zenetik. Berriki jakin da beste bulego batek zenbait ikasleren azterketako nota guztiak bertan behera geratzeko eskatu duela. Zalapartaren artean, jomugan jarri dira Euskarako azterketak zuzendu zituzten zuzentzaileak. EHUko irakasle eta ikerlariek sinadura bilketa hasi dute, zuzentzaileei elkartasuna adierazteko eta salatzeko gertatutakoa "hezkuntza sistema publiko osoaren zilegitasunaren aurkako mehatxua" izan dela.

Irakasleen iritziz, gertatutakoa "larria" da. Zerrenda luzea da: azterketaren irakasgai bat "gainditu ez eta berrikusketa eskatu aurretik komunikabideetara jotzea", kontzentrazioa egin eta irakasleen lana "publikoki zalantzan jartzea", berrikusketa "auzitan jartzea" eta azterketan "lortu ez diren emaitzak epaitegietan lortu nahi izatea". 

Sinadura bilketa abiatu duten irakasleei "ulertezina" zaie gertatutakoa. "Ikasle gutxi batzuen eskubideak lehenetsi behar dira milaka ikasleren eskubideen aurretik? Epaile batek ordezkatu behar al du irakasle eta zuzentzaileen funtzioa?". 

Azaldu dute USaPeko zuzentzaileak EHUko eta Bigarren Hezkuntzako irakasleak direla, eta gertatutakoak, mobilizatzeak eta epaitegietara jotzeak, "auzitan" jarri duela irakasle horien lana, haien "profesionaltasuna" eta "gaitasuna" zalantzan jarrita. "Prozesu hau ezinezkoa litzateke haiek gabe, badakigu profesionaltasun eta jarrera eraikitzailearekin aurre egiten diotela azterketari". Hala, babesa eta elkartasuna helarazi diete zuzentzaileei.

Gaineratu dute EHUk "hasieratik profesionaltasuna, gardentasuna eta zerbitzu publikoa" lehenetsi dituela. Indarrean dauden prozedurak "zorrotz" bete dira, azaldu dutenez; berrikuste-mekanismo "guztiak" aktibatu dira eta "berdintasunez" tratatu dira ikasle guztiak. 

Erasoa hezkuntza sistema publikoari

Salatu dute auzia EHUren aurkako "eraso hutsetik" harago doala: "Hezkuntza sistema publiko osoaren aurkako mesfidantza eta zilegitasunaren aurkako erasoa ere bada". Zuzentzaileen lana zalantzan jarri izanak ondorio "larriak" izango ditu, euren ustez. Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin ere kritiko agertu dira, zalantzan jarrita baloratu ote duen datorren urteko egoera. "Babesgabe sentitu gara eta horrek aurrera begira ondorio larriak izan ditzake", ohartarazi dute. "Nork nahi izango du hurrengo urtean USaPeko irakasle edo zuzentzaile izan?"

Sinadura bilketaren bidez, errespetua eskatu dute, "errespetua Euskal Herriko Unibertsitateari, baita hezkuntza sistema publiko osoari ere".