Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailarekin asteartean egindako bileraren ostean eman du erabakiaren berri Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak. Bere esanetan, epaileen autoak "talka" egiten du unibertsitatera sartzeko proba arautzen duen dekretuarekin, eta EHU ekintza judizial berriak aztertzen ari dela jakinarazi du.
EHUk ez du amore eman USaP pobretan Euskara eta Literatura II azterketan zero atera duten ikasleen kasuan epaileek emandako aginduaren aurrean, eta helegitea jartzeaz gain, "ekintza judizial berriak" aztertzen ari dela jakinarazi du. Auto judizialak ebatzi du irakasgai horretako nota ez kontuan hartzea batez besteko kalifikazioan.
Asteartean elkartu dira EHUko errektore Joxerramon Bengoetxea eta Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Pérez, autoaren ondorioak eta egoera aztertzeko. Bi erakundeek adostu dute auto judizialek ezartzen duten salbuespenezko plazen erreserba "kautelaz eta behin-behinean" zabaltzea, betiere jadanik onartuta dauden ikasleei "kalterik ez eragitea" helburu.
EHUk azpimarratu du ikaspostu gehiago sortzea "kautelazko" neurri bat dela. Izan ere, unibertsitateak helegitea jarri dio autoari, eta behin betiko ebazpena ebatzi gabe dago oraindik. Hala, ohartarazi du helegiteak aurrera eginez gero eta kontrako epaia etorriz gero, "plaza hori galduko dutela errekurtsoa aurkeztu duten eta orain plaza eskuratzen duten pertsonek".
EHUren ustez auto judizialak zuzenean "talka" egiten du unibertsitatera sartzeko proba arautzen duen errege dekretuarekin. Izan ere, arau horrek dio Euskara eta Literatura II irakasgaiak kalifikazioaren parte izan behar duela: "Aurrekaririk gabeko dilema juridikoa sortzen du", azaldu du.
Areago, bere esanetan jadanik hasita dagoen onarpen-prozesuaren baldintzak aldatzen ditu, eta "gainerako ikasleen eskubideen aurka egiten du". Egoera horretan, eta "erakundearen segurtasun juridikoa babesteko", esan du aztertzen ari dela ekintza judizial gehiago aurkeztea.