argia.eus
INPRIMATU
EHUk espedientea ireki dio sexu erasoa egiteagatik salatutako arkitektura fakultateko irakasleari
  • Arrakala eta UIB taldeek iragan ostiralean publiko egin zuten erasoa urriaren 4an gertatu zen, eta gaur mobilizazioa jendetsua egin dute ikasleek. Aurrez aurreko klaseak emateko debekua ere ezarri dio irakasleari, ikerketa amaitu bitartean.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 25a
Argazkia: @arrakalataldea

Euskal Herriko Unibertsitateak astelehen eguerdian jakinarazi du besteak beste ikasleei zakila erakusteagatik salatutako irakasleari espedientea ireki diola. “Gertakari desatsegin” horren aurrena hartu du erabakia EHUk, gertatutakoa “ezagutu” eta ikerketa amaitzean “ebazpen egokiena proposatu asmoz”. Klasea aurrez aurre emateko debeka ezarri dio irakasleari, halaber: “Bakarrik modu telematikoan eman dezake irakaskuntza, eta, beraz, bere lanean presentzialtasun oro baztertuta”. EHUk erabakia jakinarazi duen egun berean mobilizazio jendetsua egin dute ikasleek Arrakala emakumeen taldeak eta Unibertsitateko Indar Batasunak deituta, erasoa eta EHUren jarrera salatzeko.

Aurrekariak

Urrriaren 4an Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakasleak, besteak beste, "ikasleei zakila bortizki erakutsi" zien, Arrakalak eta UIBk salatu zutenez. Adierazi zuten lehenago ere eraso gehiago burutuak zituela irakasleak. “Gertaera hau bi aste beranduago salatzen ari bagara, EHUk honen inguruan informaziorik eman ez duelako da. Unibertsitatearen irudia ez zikintzearren, larritasun handiko eraso hau ezkutatu dute", salatu zuten bi eragileek.