EHUk errekurritu egingo du auzitara jo duten ikasleei euskarako zeroak baliorik gabe uzteko epaileen agindua

  • Europa Press albiste agentziak astelehen arratsaldean jakinarazi duenez, zenbait epaitegik babestu egin dute, bataz bestekoa egiteko orduan, Euskara eta Literatura II azterketetan errekurritu duten ikasleen notak aintzat ez hartzea Unibertsitatera Sartzeko Proban (USAP). EHUk ohar bidez adierazi du gainerako ikaskideak "babesgabetasun egoeran" uzten dituela, berdintasun printzipioaren aurka doala eta, beraz, errekurritu egingo duela.


2026ko ekainaren 29an - 17:28
EHUko errektore Joxerramon Bengoetxea, joan den asteko agerraldian. Iñigo Uriz / Foku
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Zenbait ikaslek zero edota nota oso baxuak eskuratu zituzten Euskarako azterketan, Unibertsitatera Sartzeko Proban. Horietako batzuk berrikuspena eskatu zuten, baina ia ez ziren aldatu. Beste alde batetik, epaitegien bidea jo zuten; ez zedin kontutan har batez bestekoa egiterakoan, ez zezan eragin amaierako kalifikazioan.

Astelehen arratsaldean jakin denez, epaitegiek babestu egin dituzte eskakizun guztiak, eta EHUk, orain arte egin duen bidetik, bere jarduna defendatuko du: helegitea aurkeztuko dio ebazpenari. Azterketara aurkeztu diren gainerako ikasleak babesgabetasun egoeran uzten dituela dio EHUk, berdintasun printzipioaren kontra doana. 

Jasotako ebazpenak dio, errekurtsoa jarri duten ikasleen kasuan “ez dadila aintzat hartu Euskara eta Literatura II ikasgaia unibertsitatera sartzeko prozeduraren aurreinskripzioan, plazak emateko orduan eta matrikula egiteko orduan”. Halaber, EHUri eskatu dio ikasle horiei plaza gordetzeko, plazaren erreserba egiteko, errekurtsoa ebatzi bitartean.

Kautelazko neurri hori betetzeak legea eta berdintasun printzipioa urratzea ekarriko luke unibertsitate publikoaren ustez. "EHUk ezin du plazarik gorde unibertsitatera sartzeko ohiko prozeduratik kanpo; izan ere, plazen esleipena sarbide-notaren eta titulazio bakoitzean eskaintzen den plaza kopuruaren arabera egiten da, hautagai guztien lehentasun-hurrenkera zorrotz errespetatuz. Prozedura horretatik kanpo pertsona bati plaza bat gordetzeak sarbide-sistema aldatzea eta gainerako ikasleen eskubideei eragitea ekarriko luke", adierazi dute ohar bidez.

EHUk ez du begi onez ikusi epaitegiek hartutako erabakia, eta dagokion errekurtsoa aurkeztuko duela jakinarazi du. "Epailearen idatziak dio kautelazko neurrien helburua dela 'prozesuak irauten duen bitartean ondorioak konponezinak ez izatea'. Baina, hain zuzen ere, EHUren iritziz, kautelazko neurri hori aplikatzeak ondorio konponezinak eragin diezazkieke arau berberen arabera USaP egin duten gainerako ikasle guztiei, eta haien eskubideak ere babestu egin behar dira. Ohiko plaza-esleipenaren prozedura aldatzeak babesgabetasun egoeran utziko lituzke gainerako hautagai guztiak, eta unibertsitate publikora sartzeko prozesua gidatu behar duen berdintasun printzipioa urratuko luke, pribilegio bereziak emanaz auzibidea hartu duten bakanei".

EHUk azpimarratu du uneoro indarrean dagoen araudiaren arabera jardun duela eta 534/2024 Errege Dekretuan ezarritakoa aplikatu duela. Horrek arautzen ditu unibertsitateko gradu-ikasketa ofizialetara sartzeko baldintzak. "Dekretuak berak ezartzen du bi hizkuntza ofizial dituzten autonomia-erkidegoetan ikasleek bi hizkuntzetan erakutsi behar dutela gaitasunen araberako nahikotasuna, ez badaude beren beregi salbuetsita. Horregatik, Euskara eta Literatura II ikasgaiaren kalifikazioa unibertsitatera sartzeko eta onartua izateko notaren kalkuluaren parte da, estatuko araudiak ezarritakoaren arabera", gogorarazi du Joxerramon Bengoetxea buru duen erakundeak.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Euskara kanalean gehiago
2026ko uztailaren 15
Zeroak II

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...