EHUk, ezohiko agerraldian, unibertsitatera sartzeko probaren 2026ko emaitzen azterketa globala aurkeztu du, Euskarako azterketaren auziari testuingurua emateko xedez. Joxerramon Bengoetxea errektoreak azaldu du Euskara eta Literatura II irakasgaian gertatutakoa ez dela salbuespena, beste irakasgai batzuetako epaimahaietan ere eman direla hasierako noten eta berrikusi ondorengoen arteko aldeak, eta alde horiek ez direla anomalotzat hartzen 2 puntutik beherakoak direnean.
Ohiko jardunean, EHUk unibertsitatera sartzeko probaren (USaP) emaitza orokorrak ematen ditu urtero. Aurten uztailaren 11n egingo du hori. Dena dela, uztailaren 6an, “eztabaida publikoari testuingurua emate aldera”, bestela ematen ez dituzten datuak aurkeztu dituzte. Euskara eta Literatura II irakasgaiaren azterketaren auziak eragin du agerraldia.
Euskara eta Literatura II irakasgaiaren batez besteko nota 6,33koa izan da. Badira kalifikazio hobea lortu dutenak (Lengua Castellana y Literatura, 6,42) eta beherago gelditu diren hainbat ere bai: Espainiako Historia (6,08), Kimika (6,03), Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematika (5,83), Matematika II (5,06) eta Fisika (3,99).
Ikasleen %76,2k Euskara ikasgaia gainditu du. Ehunekoa Ingelesaren, Filosofiaren, Gaztelania eta Literaturaren edo Biologiaren azpitik dago, baina Espainiako Historiaren, Kimikaren, Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematikaren, Matematika IIren eta Fisikaren gainetik.
2025eko deialdiarekin alderatuz gero, Euskara irakasgaiaren batez bestekoa 0,48 puntu jaitsi da. Agerraldian adierazi dutenez, ordea, joera hori ez da salbuespena eta beste irakasgai batzuetan ere gertatu da: Matematika IIk 1,67 puntuko jaitsiera izan du, Fisikak 1,48koa, eta Espainiako Historiak 0,83koa.
0 kalifikazioa atera duten ikasleen auzia gogoan, azterketa globalak erakutsi du 2.000 ikasletik gora dituzten irakasgai guztietan 0tik 10era, kalifikazio guztiak jarri direla, Euskara ikasgaian ere bai. Bestalde, Euskaran 2 puntutik beherako kalifikazioak ikasleen %6,2k atera ditu. Alabaina, beste hainbat irakasgaitan ere 2 puntutik behera ibili dira: Fisikan %24,5; Gizarte Zientziei Aplikatutako Matematikan, %10,8; eta Matematika IIn, %9,9. Gaztelania eta Literaturan %0,6 izan da, 2025ean baino 0,1 puntu baxuagoa.
0 nota atera duten ikasleen ehuneko handiena Fisikan dago, %3,2, eta Euskaran berriz %1,4. Kopuru absolututan Euskaran jarri dira 0 gehien (163), ikasle kopurua ere handiagoa delako (11.833). Euskaran 0 kalifikazioa lortu duten ikasleen %74,8k, ebaluazio eta berrikuspen prozesua amaitu ondoren, unibertsitatera sartzeko proba gainditu du.
Euskara eta Literatura IIn 1.721 berrikuspen eskatu dira, iaz 860. Beste irakasgai batzuetako datuen antzekoa dela azaldu du EHUk: adibidez, Espainiako Historian eskaerak 321etik 636ra igo dira. Berrikuspenen ondoren, Euskarako kalifikazioen ia erdiak igo egin dira, beste hainbat irakasgaitako ehuneko oso antzekoetan.
Epaimahaitik epaimahaira desberdintasunak
EHUk adierazi duenez, Euskarako epaimahaien artean desberdintasunak egon dira (batez bestekoak 2,88 eta 4,43 puntu artekoak), baina baita beste irakasgai batzuetan ere: Gaztelania eta Literaturan (5,8 eta 6,9 artean) eta Ingelesean (6,79 eta 7,56 artean). EHUk gogorarazi du ebaluatzaileen artean irizpide desberdintasunak egotea ez dela “automatikoki anomaliatzat” hartu behar, ebaluazio akademikoen “berezko ezaugarria” dela. Prozesuak jasotzen du zuzentzaileen artean bi puntura arteko aldea egotea ez dela anomalia.
Errektoreak gogorarazi du unibertsitatera sartzeko sistemak 534/2024 Errege Dekretuak ezarritako “berme guztiak” dituela, eta berme horiek ez dituela unibertsitateak ezartzen, legeak baizik. Horrez gain, azpimarratu du ikasleek bigarren zuzenketa eskatzeko eskubidea daukatela, eta lehenengo eta bigarren zuzenketaren artean bi puntu baino gehiagoko aldea dagoenean hirugarren eta laugarren zuzenketak egin daitezkeela. Horri gehitu dio ikasleek azterketan egindako zuzenketa guztiak ikusteko eskubidea dutela.