EHUko errektoretzak unibertsitateko Gobernu Kontseiluari jakinarazi dio erabakia urriaren 8an. EHUren eta Beasaingo (Gipuzkoa) multinazionalaren arteko lankidetza abenduaren 31n amaitutzat emango dute, nazioarteko legediaren aurkakoa den Jerusalemgo tranbiaren eraikuntza dela eta.
EHUk ez du CAFekin duen lankidetza hitzarmena berrituko eta abenduaren 31n amaitutzat joko dute bost urteko elkarlana. Horrek eragin zuzena izango du "CAF gelan", eta haren itxiera ekarriko du. Azpimarratu dutenez, erabakia etorri da CAFek Palestinako lurralde okupatuetan Israelgo enpresekin lankidetzan aurrera eramaten ari den proiektuetan parte hartzeagatik.
Nazioarteko Israeli Boikot dinamikaren barruan, Euskal Herriko hainbat eragilek maiz eskatu izan dute CAFekin harreman oro etetea, Palestinan apartheida betikotzen laguntzen duen tranbiaren proiektua bertan behera utzi arte. Eskaera horretan aktiboena izan den eragilea EHUn bertan sortutako EHU Palestina taldea da.
Noticias de Gipuzkoa egunkariak jaso duenez, urriaren 8an errektoretzak eman zion Gobernu Kontseiluari erabakiaren berri eta "inork ez zuen eragozpenik jarri, ezta Ingeniaritza Eskolako zuzendaritzak ere". Izan ere Bilboko Ingeniaritza Eskolan dago martxan 2022tik CAF gela. Hainbat hedabidek zabaldu dutenez, erabakiaren kontra agertu da Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendaritza.
EHUk 2024an adostu zuen "Palestinan egiten ari diren gizateriaren aurkako krimenak berariaz gaitzesten ez dituzten Israelgo unibertsitate eta erakundeekin harremanak haustea". Orduan, Joxerramon Bengoetxea errektoreak adierazi zuen unibertsitateak enpresekin sinatutako lankidetza-hitzarmen guztietan giza eskubideak errespetatzeko eta arma-industriarekin harremanik ez izateko klausula ezartzeko asmoa zuela.