Elkuirtruke webgunean kolektiboaren manifestazioen berri emateaz gain, askotariko ekimenen eta aisialdi ekintzen berri ematen dute. Aitzitik, Trapuzko Espartina Gurutzetako Genero Identitatearen Unitateari eman diote, unitatearen barruko trans pertsonen aurkako "indarkeria" gaitzesteko.
EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak urtero Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina sariak banatzen ditu, lehena sexu askapenaren inguruan "nabarmendu den" pertsona edo proiektuari, eta bigarrena, aldiz, sexu askapenaren bidea "oztopatu" duenari. Bada, 2026ko Urrezko Hirukia Elkuirtruke egitasmoari eman diote, eta Trapuzko Espartina, berriz, Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitateari (GUI), unitatearen barruan gertatutako trans pertsonen aurkako erasoak salatzeko. Bilboko 7Katu gaztetxean egin dute sari banaketa, joan den larunbatean.
Elkuitruke 2025an sortutako ekimena da eta bere helburuak lankidetza eta elkartasuna sustatzea dira. Bollopop foroaren jarraipena da. Webgune bat da, non kuir kolektiboaren jarduerak eta manifestazioak iragartzeaz gain, pisukideak, aisialdirako proposamenak, zaintzarako laguntzak eta beste hainbat eskaintza biltzen diren. "Guk halako sare kolektiboak sustatu nahi ditugu, kuirrok batuta askoz indartsuagoak garelako", esan du EHGAMek.
Transfobia Gurutzetako ospitalean
Elkuirtrukeri aitortza eginda, transfobiaren aurkako salaketa eta aldarria egin dute. Trapuzko Espartina saria Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitateari eman diote, trans pertsonek tratamendua jasotzeko unitateari. Kolektibo askok salatu dute unitatea, transen aurkako jazarpena egitea leporatuta. "GIUk psikiatriatik pasatzera behartu ditu trans pertsonak, nahiz eta hori legez kontrakoa izan; kirurgiak ukatu dizkie lodiak izateagatik, eta pertsona ez bitarrei tratamenduak ukatu dizkie, trans legean jasotako eskubideen onuradunak ez direla argudiatuta", salatu du EHGAMek.
Gaineratu dute unitateak trans batzuk histerektomiak egiteko "presionatu" dituela, hori egiteko osasun arrazoirik eduki gabe. Histerektomia deritzo umetokia kirurgikoki erauzteari, zeinarekin haurdun geratzeko gaitasuna eta hilekoa eteten diren.
EAEn horrelako unitate bakarra dago trans pertsonentzat, eta kexu agertu da mugimendua Osakidetzak ez dutelako trans kolektiboekin kontaktatu "trans pertsonei arreta emateko osasun gida egiteko orduan". "Indarkeriarekin amaitu eta kalitatezko osasun arreta deszentralizatua", eskatu du mugimenduak.
"Kuirrak faxisten jopuntuan"
Aitortza eta salaketa egitearekin batera, nazioarteko testuinguruaz ohartarazi du EHGAMek. Palestina, Libano, Kurdistan, Iran, Venezuela eta Kuba gogoratu ditu, eta Euskal Herrian ideia faxistak "normalizatu" direla azpimarratu du, "bereziki etorkinen eta arrazializatuen kontra", eta kuirrak ere "faxisten jopuntuan" daudela nabarmendu du.
Aldarri borobila egin dute: "Kapitalismoak eta heteropatriarkatuak indibidualismoan nahi gaitu, baina guk kolektibizazioa ezinbestekotzat dugu. Sare kuirrak eta transfeministak behar ditugu faxismoari eta kapitalismoari elkarrekin aurre egiteko".