Nafarroako Parlamentuaren aitzinean elkartu dira Euskal Herrian Euskarazeko hainbat kide astelehenean, eta bertan "espainiar kolonialismo arrazista, etnozida eta linguizida pairatzen duten herri guziei" elkartasuna adierazi diete. Horrez gain, euskararen aurkako oldarraldia salatu eta euskararen lehentasuna beharrezkotzat jo dute.
EHEk Iruñean egin du urriaren 12ko agerraldia, eta bertan espainiar kolonialismoa eta inperialismoa goraipatzeko eguna zapalkuntzan oinarritzen den eguna dela ekarri dute gogora. Honi loturik, Espainiak "supremazismoaren aitzakipean" zapaldu dituen herrialdeak oroitarazi ditu taldeak, baita herrialde hauetan zapalduak diren kultura eta hiztun-komunitateak ere. Espainiak bere kultura eta hizkuntza inposatzen duela salatu dute, eta euskaldunek honen aurrean duten "eginbehar bikoitza" aipatu dute: batetik estatu frantses eta espainiarren jokabide zapaltzaileen aurka egitea, eta bestetik "gure kultura eta hizkuntza aldarrikatzea". Izan ere, haien esanetan, kolonialismoak zein inperialismoak inposatu nahi duten homogeneizazioaren aurrean erresistentziarako tresna ezinbestekoak dira azken horiek.
Horrez gain, euskarak herri zapalduen arteko elkartasun-tresna ere izan behar duela aldarrikatu dute: "Ez dugu onartuko euskara izatea diskurtso faxistak elikatzeko tresna. Alderantziz, euskarak faxismoaren aurrean harresia eta herrien arteko elkartasunerako zubi izan behar du". Gainera, azkenaldian gertatzen ari den euskararen kontrako oldarraldiaz ohartarazi du taldeak, baina fenomenoa ez dela gauza berria gogorarazi dute: abenduaren 15ean 40 urte beteko dira Nafarroa garaian euskararen legea onartu zenetik. Horren harira "euskarari lehentasuna emanen dion ofizialtasuna, orain" lelopean protestak antolatuko dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan: "19.00etan denek ‘Euskal Herrian Euskaraz’ kantua abestuko dugu, eta horrez gain, bakoitzak nahi duen gisara mobilizazioa osatzeko gonbita luzatzen dizuegu".
Bien bitartean, eskualde ugaritan batzarrak antolatu nahi ditu taldeak, abenduaren 15eko ekitaldia aurkezteko, baina baita "Frantzia eta Espainia estatu zapaltzaileek euskara desagerrarazteko aspalditik egiten duten ahaleginari buruz eta horri aurre egiteko borrokari buruz" eztabaidatzeko ere.