EH Biziriken hitzaldi bira, “EAEko alderdi politikoek ingurugiroaren suntsiketan duten paper aktiboa” salatzeko

  • Urriaren 28an Amasa-Villabonan (Gipuzkoa) emango dute EH Bizirikeko kideek lehen hitzaldia, eta abenduaren 12an Bilbon bukatuko dute zazpi hitzaldiz osatutako bira. Hitzaldi horietan aztertuko dute ze ondorio ekarriko dituzten Legebiltzarrak urte amaieran onartu nahi dituen bi ekimenek. Horrez gain, erakunde publikoek "trantsizio energetikoa" deitzen dutena "fartsa" zergatik iruditzen zaien azalduko du EH Bizirikek.

EH Biziriken prentsaurreko bat, 2024an.

2026ko urriaren 26a - 09:17
Azken eguneraketa: 16:31
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Eusko Legebiltzarrak urte amaieran bi ekimen hauek onartuko dituela ohartarazi du EH Bizirik taldeak: batetik, energia berriztagarrien lurralde plan sektoriala (LPS aurrerantzean); eta bestetik, administrazio jarduera ekonomiko jasangarrirako sinplifikatzeko eta arintzeko presako neurrien lege proposamena (jarduera sinplifikatzeko legea aurrerantzean).  EH Biziriken aburuz, jarduera sinplifikatzeko legearen helburua da "enpresa pribatuak EAEra erakartzea, horretarako ahalik eta erraztasun administratibo eta ekonomiko gehien jarriz".

Zazpi herritan egingo du EH Bizirikek bira.
"Manipulazio mediatikoari" aurre egitea helburu

EH Bizirikek azaldu du hitzaldi birak bi helburu dituela: batetik, "EAEko instituzioetako alderdi politikoek ingurugiroaren suntsiketan duten paper aktiboa" salatzea, eta bestetik, "manipulazio mediatikoari aurre egitea".

Lurraren defentsan herritarrek orain arte egin duten borroka "eraginkorra" izan dela baloratu du EH Bizirikek, eta horri aurre egitera datozela, hain zuzen, legebiltzarrak onartu nahi dituen LPS eta jarduera sinplifikatzeko legea: "Oposizio sozialari aurre egiteko mekanismo legal berriak" direla adierazi du.

"Instituzioen legitimitate falta" seinalatu du EH Bizirikek: "Etxebizitza, hezkuntza edota lurraren antolamenduari dagokionez, instituzioek ez dituzte inolaz ere herritarron interesak defendatzen. Kontrara, enpresen irabazi ekonomikoa lehenesten dute eta herritar xumeak miseriara kondenatzen dituzte".

Lehen hitzaldia Amasa-Villabonan (Gipuzkoa) emango du EH Bizirikek. Amasamendi Bizirik plataformako kide batek ere hartuko du hitza, proiektu hori zertan den azaltzeko. Urriaren 28an, 18:00etan, Gurea zinemako erakusketa gelan.


 


Energia berriztagarriak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.