EH Bilduk hizkuntza politika berri baterako proposamena aurkeztu du apirilaren 27an. Bere militanteekin eta adituekin elkarbanatu ondoren jakinarazi dutenez, ia aho batez onartu dute aurrera begirako estrategia. Koalizioak euskara “lehen mailako auzi politikotzat” jo du. “Euskaratik eta euskaraz” ardaztuko den gizarte eleaniztuna jarri du helburu. Euskara “hizkuntza nazionala” izatea eta “berdintasunezko estatusa” edukitzea aldarrikatu du. EH Bilduk txostena euskara eskakizunei begira Euskal Enplegu Publikoren Legea aldatzeko zuzenketak egiteko hiru egun falta direla aurkeztu du. EAJk eskua luzatu dio EH Bilduri negoziaketak hasteko, PSE-EErekin akordiorik ez dutela lortu jakinarazi eta gero.
Prentsaurrekoan Nerea Kortajarena EH Bilduren programa idazkariak eta Josu Aztiria euskara normalkuntzarako idazkariak Indarberritze aro berri bat irekitzeko hizkuntza politika berria izeneko dokumentua aletu dute. Kortajarenak alderdiko militanteen eta adituen ekarpenak azpimarratu eta eskertu ditu. Gogoeta prozesuak, ekarpenak jasotzeko bezala, “komunitatea aktibatzeko” balio izan duela azpimarratu du, “badagoelako kezka bat”. Bi eledunek adierazi dute, prozesuan sumatu dutela oinarrien ezarpenak “helduleku gisa balio diezaiokeela komunitateari”. Kortajarenaren ustez, prozesu horren ondoren, “estrategia sendoa, konpartitua eta kohesionatzailea” adostu dute, “estrategia prestatuta eta komunitatea aktibatuta, estrategia garatu, lurreratu eta aurrera eramateko bideak jarri behar dira”.
Hizkuntza-politika berriaren marko estrategikoa definitzerakoan ideia nagusi bat azpimarratu dute bi eledunek: euskara da Euskal Herriaren hizkuntza nazionala, eta euskaratik eta euskaraz ardaztuko den Euskal Herri eleaniztuna da helburua. Euskara da berezko hizkuntza. Herritarrak euskaraz eroso bizi daitezen “jauzi kualitatiboa” eman behar dela gehitu dute. Europan, estatu hizkuntzek eremu juridiko, politiko eta soziolinguistikoan duten estatus eta berdintasunezko egoera bera aldarrikatu dute euskararentzat.
Euskara berdintasun egoerara eramateko bidetzat aurkeztu dute ekitatea kontzeptua, eta ildo horretan, azpiratze egoeran dagoen hizkuntza berdintasun egoerara eramateko, “ekintza positiboen konpentsazio marko bat garatzea” proposatu dute. Euskarari espazio hegemonikoak ematea da xedea, alegia, hizkuntza baten funtzio nagusiak osotasunez garatuko diren eremuak sortzea eta babestea. Bide hori egiteko, “estatus juridiko berri baten beharra” azpimarratu dute, “hizkuntza nazionalari egiazko berdintasuna emateko ezinbesteko zorua”. Berdintasunezko egoera lortze bidean, hizkuntza eskubideak giza eskubide indibidual eta kolektiboen mailan jarri dituzte. Eskubide guztiak elkarren “osagarri eta banaezinak” direla diote. Hizkuntza eskubideak “komunitate nazionalaren eskubideekin” lotu dituzte eta euskararen aldeko borroka “berdintasunaren eta justiziaren aldeko borroka unibertsala” dela jaso dute txostenean.
Zukua atera politika publikoei
Josu Aztiria euskara normalkuntzarako idazkariak kontuan hartu beharreko hainbat ardatz jarri ditu mahai gainean. Botere eta politika publikoen erabilera indartzea da ardatzetako bat. Aztiriaren ustez, politika publikoetako tresna guztiak ez dira behar bezala baliatu, eta “modu orekatuan baliatuko dituen” hizkuntza politikak behar dira. Bereziki aipatu du araugintzak garapen urria izan duela, adibidez. Bigarrenik, norbanakoak euskalduntzean oinarritutako paradigma batetik euskara ardatz izango duen paradigma batera pasatzea nahi du koalizioak, “hiztunen arteko banaketa eta eskubide indibidualetatik harago joango dena”. Euskara ardatz duen paradigma horretan, euskara lehentasunezko eta erabilera normaleko hizkuntza bilakatuko litzateke funtzio, espazio eta plaza nagusietan. Eta hirugarrenik, euskara berezko hizkuntza eta hizkuntza nazionala izango bada, garapen juridiko osoa emateko beharra azpimarratu dute.
Begirada aldatzeko beharra
Gizarte globalizatua, adimen artifiziala, harreman sozialak izateko modu berrituak, ikus-entzunezkoen kontsumoa... Hamarkada gutxitan gertatutako aldaketa handien aurrean erronka berriak daudela azpimarratu dute, eta horien aurrean kokatzeko begirada aldaketa egitea proposatu. Begirada aldaketa gauzatzeko hainbat ideia giltzarri aipatu dituzte, horien artean hizkuntza gaitasunaren eta erabileraren arteko lotura-ikuspegia aldatzea. Orain arteko irakurketaren arabera, ezagutzaren oso azpitik gelditzen zen erabilera eta horren arrazoia hiztunen motibazio ahula zen. Koalizioak azken ikerketa soziolinguistikoak aipatu ditu, eta horiek erakutsi dute gaitasun maila eta euskaraz egiteko aukerak kontuan hartuta, euskaldunek ahal dutenean euskaraz egiten dutela, eta hiztunei ezin zaiela atxikimendu eza egotzi, kontrakoa baizik. Beraz, hizkuntza gaitasunaren geruzetan sakontzea proposatu dute. Mende berriko gizartean, arnasgune funtzional eta territorialen “garrantzi kualitatibo eta estrategikoa” kontuan hartzea eta hiriguneetara bideratutako “berariazko estrategiak” garatzea ere proposatu dute. Bestalde, etorri berrientzako hizkuntza-harrera “egoki, eraginkor eta abegikorra" antolatzea azpimarratu dute. Euskara ongizatean eta ibilbide profesionalean aurrera egiteko tresna bilakatzea da helburua. Begirada aldaketa egiteko ariketan, politikak aurrera eramateko baldintza onenak non dauden asmatzeko beharra aipatu dute, hau da, non dagoen komunitatearen indarra nagusitasunezko eremuak sortzeko.
Bost erronka
EH Bilduk bost herri erronka aurkeztu ditu. Lehenik eta behin, euskararen ezagutza unibertsalizatzea. Bide horretan, euskara ezagutzeko eskubidetik euskara ikasteko eskubidera bidea egitea proposatu du; baita D eredua eraldatzea eta etorri berrientzako hizkuntza-harrera diseinatzea ere.
Bigarrenik, hainbat funtzio, espazio eta lurraldetan euskara nagusi izateko apustua egitea, eta bide horretan, 0-16 urte artekoen aisialdian eta administrazioan euskara nagusi izateko estrategiak garatzea proposatu dute.
Hirugarrenik, ezagutzan gora egiteko eta espazioak irabazteko, hizkuntza azpiegitura oso bat eraikitzea, alegia, azpiegitura teknologiko, ikus-entzunezko, kultural eta mediatiko berri bat diseinatzea.
Laugarren erronka, horri guztiari “erregaia ematea” da, eta hizkuntzarekiko atxikimendua eta motibazioa landuko lirateke.
Azkenik, erronka horiek gauzatzeko beharrezkotzat jo dute “arkitektura juridiko gaurkotua” egitea, “politika publiko aurreratuak egin ahal izateko”.