EH Bilduk euskara ikasteko doakotasunaren inguruan egindako proposamenak ez du aurrera egin

  • Martxoaren 12an Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk egindako proposamena ez dute onartu. B2 mailara arte euskara ikastea doan izatea proposatzen du EH Bilduk, doan, matrikula-dirua aurreratu gabe eta azterketa gainditzeko beharrik gabe. Gaur egun, A1 eta A2 ikas daitezke ia doan. Beste bi proposamen ere egin ditu Josu Aztiria EH Bilduko ordezkariak: administrazio publikoak azpikontratatutako enpresetako langileak euskara ikasteko liberatzea eta sektore prekarioenetan langileak liberatzeko neurriak hartzea. EAJk eta PSE-EEk doakotasunaren alde egin dute, baina hori lortzeko beste bide batzuk proposatu dituzte. Sumarrek EH Bilduren proposamena onartu du, baita EAJren eta PSE-EEren zuzenketak ere.

Euskara ikaslea eskolak jasotzen. Foku.

2026ko martxoaren 13an - 08:45
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Doakotasunaren aldeko proposamena euskara bizitzen ari den “geldoaldi fasean” kokatu du Josu Aztiriak martxoaren 12ko agerraldian. Geldoalditik indarberritzera jauzi egiteko hizkuntza politika publiko ausartak eskatu ditu, eta hizkuntza politika horien muinean hizkuntza gaitasuna eta ezagutza unibertsalizatzea ipini du, alegia, euskara “ahalik eta herritar gehienengana” iristea. Erronka hori lortzeko bide moduan proposatu du doakotasuna. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio A1etik hasi eta B2 mailara arte doakotasuna “erabatekoa” izatea. B1 2026-2027 ikasturtean garatzea proposatzen du eta B2 hurrengo ikasturtean. Doakotasun erabatekoarekin adierazi nahi du ikasturte hasieran matrikulari dagokion dirua aurreratu behar izatea eta diru hori jasotzeko ikas maila gainditzeko derrigortasuna ere ez izatea. Gaur egun, maila guztietan dirua aurreratzen da eskolak jasotzeko, eta hainbat baldintza betez gero diru hori itzultzeko aukera dago.

Aztiriak bigarren proposamen bat ere jarri du mahai gainean. Administrazio publikoak azpikontratatzen dituen enpresetako langileak euskara ikas dezaten neurriak hartzea galdegin du, hala, zerbitzu publikoa ematen duten langileek lanorduetan euskara ikasi ahal izatea proposatu du; administrazio publikoko langileekin egiten den bezala.

Hirugarrenik, “prekarizazio handiena duten” sektoreak aipatu ditu, adibidez zaintza eremua. Laguntzak eskatu ditu sektore horietako langileak liberatzeko eta ordezkatzeko.

EAJ eta PSE-EEk oraingo planari eutsi diote

Alaitz Zabala EAJko legebiltzarkidea doakotasunaren bidean pausoak ematearen alde agertu da, baina ez du EH Bilduren proposamenaren alde egin. PSE-EErekin batera, gobernuak gaur egun daukan planari jarraitzea hobetsi du. Pau Blasi PSE-EEko eledunak ildo beretik jo du. Jon Hernández Sumarreko ordezkariak baiezkoa eman dio EH Bilduren proposamenari, baita EAJren eta PSE-EEren zuzenketei ere.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.