Hizkuntza eskakizunen eztabaida beste aldi batean sartu da Gasteizko Legebiltzarrean

  • Ostegunean bukatu da Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko egindako proposamenei zuzenketak jartzeko epea. EAJk, EH Bilduk, Sumarrek eta PSE-EEk egin dizkiete zuzenketak EAJren eta EH Bilduren proposamenei. Bi alderdi abertzaleek hizkuntza eskakizunen egiaztaketa geroratzeko sistemetan jarri dute fokua. EH Bilduk akordiotara iristeko atea ireki du. EAJk, “maximalismoak eta inmobilismoak” gaitzetsi ditu. PSE-EEk hizkuntza eskakizunei buruzko eztabaida gelditzea eskatu du, gero eta "polarizazio" handiagoa dagoelako, beraien ustez.

Euskararen aurkako sententzia bat salatzeko Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera elkarteak egindako elkarretaratzea bat Donostiako Justizia Jauregiaren aurrean. Euskalgintzaren Kontseilua.

2026ko apirilaren 30ean - 13:00
Azken eguneraketa: 16:07
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

EH Bilduk EAJren jokabidea kritikatu du ostegun goizez, eta adierazi du jeltzaleen proposamena ez dietela aurkeztu eta inongo negoziaketarik martxan jarri gabe abstentzioa eskatu dietela. Nolanahi ere, Josu Aztiria EH Bilduren Euskararen Normalizaziorako idazkariak eta legebiltzarkideak Euskadi Irratian adierazi du akordiorako aukera izango dela hemendik aurrera. Gehitu du PSE-EErekin eta Sumarrekin ere hitz egiteko prest dagoela.

EH Bilduren proposamenaren funtsa da bi hizkuntza ofizialak derrigorrezkoak izatea orokortzea lanpostu publiko guztietan. Irizpide orokor hori ezarrita, ondoren, derrigortasuna malgutzeko bideak ezarriko lirateke. Malgutze sistema horretarako geroratze indizea aurkeztu zuen EH Bilduk lege proposamena egin zuenean.

Epea bukatzeko bezperan egindako zuzenketan, EH Bilduk geroratze indizea garatu eta zehaztu du. Indizeari izena aldatu dio, progresibotasun indizea deitu dio orain. Indize horrek adierazten du entitate bakoitzean eta plangintzaldi bakoitzean derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna gehienez geroratu daitekeen lanpostuen kopuru osoaren ehunekoa. Indize hori kalkulatzeko, entitate bakoitzak eragiten duen lurraldeko datu soziolinguistikoak hartuko dira kontuan. Entitate bakoitzak konpromisoa hartu beharko du indize hori murrizten joateko plangintzaldi bakoitzean. Indizea abiapuntua izango da, eta gutxieneko (%5) bat eta gehienezko bat (%15) egongo dira. Indizearen funtzionamenduaren baitan, bi salbuespen proposatu ditu EH Bilduk. Batetik, entitate batzuetan gerta daiteke progresibotasun indizeak emango duen ehunekoa baino baxuagoa izatea, alegia, egiaztatu gabeko hizkuntza eskakizunen ehunekoa txikiagoa izatea. Entitate horiek indizearen ehuneko txikiago hori ezarri ahal izango dute, baina murrizketa ezingo da izan %5 baino handiagoa. Bestetik, euskaldun kopurua +  ia euskaldun kopuruaren erdia formularen arabera %70etik gorako indizea duten administrazioak progresibotasun indizea betetzetik salbuetsita geratuko dira.

EAJk adierazi du bere zuzenketaren helburua dela irtenbide “bideragarri eta juridikoki sendo bat” ematea, “batzuen inmobilismotik eta besteen maximalismotik urrun”. Azken unera arte akordio zabal bat lortzeko lanean jarraituko duela esan du, “beti ere zentralitate-posiziotik”.

EAJren lege proposamenaren ideia nagusia derrigortasun indize orokorra ezabatu eta administrazio bakoitzean derrigortasun indize propioak ezartzea da.

Apirilaren 30ean EAJk egindako zuzenketaren muina derrigortasun geroratuaren figura orokortzea da. Horren arabera, administrazio publikoek hizkuntza-profila duten lanpostuak ezarriko dituzte, “baina profil horren eskakizuna denboran geroratua”. Beraz, pertsonek lanpostu horietara sarbidea izango dute hasieran hizkuntza-profila egiaztatu gabe ere, eta ondoren epe bat izango dute hori eskuratzeko. Administrazioak beharrezko prestakuntza emateko konpromisoa hartu beharko du.


Hizkuntza eskubideak kanalean gehiago
2026ko martxoaren 24
4. eta 5. egunak | KRONIKA
Euskaldunok, desobedientziara kondenatuta?

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.