Duela aste batzuk Netflixek, Alex Honnold eskalatzaile kaliforniarraren azken erronkaren berri eman zigun zuzenean.
Alpinismoa eta eskalada hurbiletik jarraitzen dugunok ondo ezagutzen dugu Alex Honnold. Bere lorpenak eskalada librean izugarriak izan dira eta, arlo honetan, zalantzarik gabe, munduko onena dela esan dezakegu.
Alexek, Taiwanen, Taipei hirian dagoen eraikin bat igo zuen, 508 metro eta 101 solairu dituen Taipei 101 deitutako eraikin erraldoia, hain zuzen. Eskalada librea zer den ez dakizuenontzat, tipoak inongo segurtasun neurririk gabe igo zuen eraikina, sokarik gabe, alegia.
Sare sozialak eta komunikabideen erruz hainbeste balio galdu dituen gizarte honetan gauza batzuek zutik irauten zutela uste nuen, baina, badirudi, eta horixe da hain zuzen ere amorrarazten nauena, mendizaletasuna ez da horietako bat
Irudiak izugarriak dira zinez. Arestian esan bezala, Netflixek zuzenean transmititu zuen ordu eta erdi baino gehiagoko igoera eta, nola ez, jende andana bertaratu zen zuzenean ikusteko. Eraikinaren barruan ere, kristal erraldoien beste aldera, jende mordoa zegoen argazkiak egiten eta kaliforniarraren egitandia hurbil-hurbiletik ikusten. Txinatarrek holakoetan ez dute parekorik.
Ezkonduta dagoen eta bi alaba dituen mendizaleak 500.000 dolar inguru irabazi dituela diote eta, horren aurrean, agian ez nuke deus esan behar. Alex Honnold izango banintz, neuk ere onartuko nukeen, ziur.
Hala ere, esan beharra daukat: ez zait gustatu. Ez zait batere gustatu. Gizarteari, sare sozialetan engantxatuta bizi diren eta dena balio dutela pentsatzen duten gazteenei batez ere, ematen dien adibidea alde batera utzita, mendian egiten duenean ematen duena ere ez baita batere ona, mendiko gauzak mendian egin behar direla uste dut, mendizaleek mendian egon behar dute eta mendizaletasuna ez dagoela salgai erakutsi.
Sare sozialak eta komunikabideen erruz hainbeste balio galdu dituen gizarte honetan gauza batzuek zutik irauten zutela uste nuen, baina, badirudi, eta horixe da hain zuzen ere amorrarazten nauena, mendizaletasuna ez da horietako bat.
Alex Honnoldek bere burua saldu du, miresten jarraituko dut, baina, orain, apur bat gutxiago.
Jabi Elorza
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.