Egun erabakigarria Espainiako Gobernuarentzat, herritarren presiopean

  • 87 urteko Maricarmen Abascalen etxegabetzeak piztutako haserrearen ostean, "etxebizitza eskubidea defendatzeko" hamar neurri jasotzen dituen dekretua onartu nahi du Espainiako Gobernuak asteartean egitekoa den Ministroen Kontseiluan. Maizterren Sindikatuak deituta, ehunka lagun kanpaldia egiten ari dira Sol plazan, gobernuari Maricarmen Dekretua onartzea exijitzeko: besteak beste, egungo alokairuen prezioak izoztea eta alokairu kontratuak mugagabe bihurtzea proposatzen du dekretu horrek.


2026ko irailaren 29an - 07:00
Maizterren Sindikatuak Madrilgo Sol plazan abiatutako kanpaldia, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko. Europa Press
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Madrilgo Udalak astelehen gauean jakinarazi du 87 urteko andrearen familia, haren abokatua eta hura ordezkatzen duen Maizterren Sindikatua akordio batera iritsi direla aurreko astean kanporatu zuten etxeko jabearekin, Urbagestión funts putrearekin. Etxebizitzara itzuli ahal izango da Abascal, akordioaren bitartez alokairua zortzi urterako luzatu baitiote, eta hitzeman dute alokairuaren prezioak ez dituela haren diru sarreren %30 gaindituko. 

Aurreko astean Abascal etxetik bota izanak etxebizitzaren gaia eztabaida politikoaren lehen lerroan kokatu du. Urbagestionek haren etxebizitza erosi eta ezarritako alokairuaren prezio berria –500 eurotik 1.650 eurora igo zioten– ezin ordaindu ostean, Espainiako Poliziak %50eko desgaitasuna duen emakumea 70 urte baino gehiagoz bizi izan zen etxebizitzatik kanporatu zuen. Etxegabetzearen kontra protesta egiten ari zirenen aurka ere oldartu ziren.

Horrek protesta eta elkarretaratze ugari egin ditu Espainiako Estatu osoan, 87 urteko emakumearen etxegabetzea azken urteetan areagotu den etxebizitzaren problematikari lotuta. Egoerak hala behartuta, protestak baretu nahian Espainiako Gobernuak uztailetik izoztuta zuen etxebizitza dekretua onartzeko prozesua azkartu nahian ari da: hain zuzen, astearte honetan bozkatuko dute onartu ala ez Ministroen Kontseiluan.

Angel Víctor Torres Perez Lurralde Politiketako eta Memoria Demokratikoko ministroak adierazi du "ulertzeko zaila" izango litzatekeela Espainiako Parlamentuaren gehiengoak ez babestea dekretua osatzen duten neurrietako asko. Ikusteko dago, ordea, ea Espainiako Gobernuaren ezker hegalak –Sumarreko ministroek– etxebizitza dekretua onartuko duten; Yolanda Díaz Lan ministroak adierazi du dekretuak honako neurriak bildu beharko lituzkeela "bai ala bai": alokairuen luzamendua, etxegabetzeen babesa, aldi baterako eta gelakako alokairuen erregulazioa eta iruzur turistikoaren amaiera.

Zehazki, Ministroen Kontseiluak onartu ala ez erabakiko duen dekretuak honako hamar neurri hauek osatzen dute:

  1. Etxebizitzak espekulatzeko helburuarekin erosteko debekua higiezinen funtsei.
  2. Etxegabetzeko arriskuaren aurrean babesa ematea.
  3. Aldi baterako alokairuak erregulatzea.
  4. Etxebizitza Legea aplikatzen ez den autonomia erkidegoetako maizterrei alokairu kontratuak egonkortzea.
  5. Etxe turistikoei BEZa ezartzea.
  6. Maizterrei hobari fiskalak ematea.
  7. Alokairuen prezioak jaisten dituzten etxe jabeei hobari fiskalak ematea.
  8. Lehen etxea erosteko diru laguntza gehiago ematea.
  9. Babestuak izango diren etxebizitzei BEZa murriztea.
  10. Etxebizitza parke publikoa "blindatzea"

Maricarmen Dekretua eta desalojo saiakera

Asteburuan Abascalen etxegabetzearen harira eginiko manifestazio batean, Madrilgo Maizterren Sindikatuko kideak oihal etxeak muntatzen hasi ziren hiriko Sol plazan. Geroztik, ehunka lagun batu dira deialdira, eta astelehen gauean Espainiako Polizia kanpaldia desalojatzen saiatu da, lortu ez badu ere. Besteak beste, deialdira batu direnek gobernuari etxebizitza dekretua onartu dezan exijitzen diote. Sindikatuak, ordea, dekretu propio bat osatu du: Maricarmen Dekretua.

Honako bost neurri hauek biltzen ditu haien dekretuak:

  1. "Egiturazko" lege bat etxegabetzeen aurka.
  2. Aldi baterako eta logelen alokairua mugatzea, iruzurren aurkako babes legalarekin.
  3. Alokairuen egungo prezioak izoztea.
  4. Alokairu kontratu guztiak luzatzea eta mugagabe bihurtzea.
  5. "Kausarik gabeko" etxegabetzeak debekatzea.

"Ez badute onartzen, ez du zentzurik Gobernuak agintean jarraitzeak", adierazi zuten Alicia del Río eta Carme Arcarazo Maizterren Sindikatuko bozeramaileek dekretuaren aurkezpenean. Sumar, Podemos, EH Bildu, ERC eta BNG alderdietako ordezkariek elkarretaratzea egin zuten astelehenean Gregorio Marañoón Ospitalearen aurrean, sindikatuak osatutako dekretuari babesa adierazteko.


Etxebizitza eskubidea kanalean gehiago
2026ko urriaren 1
Barra warroak
Jabeak eta gabeak

2026ko irailaren 30
Analisia
Maricarmen

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.