Egun bat ere ez du iraun martxan munduko zentral nuklear handienak, akats gehiago atzeman ondoren

  • Japoniako Kashiwazaki-Kariwako zentrala asteazkenean piztu ondoren, 6. erreaktoreko kontrol barren alarman akatsa atzeman dute eta geldiarazi egin dute. 2011ko Fukushimako hondamendiaren ondorioz itxi zuten eta TEPCO konpainia publikoa urte luzez ibili da berriz ireki nahian.

Alarmak jo du fisiorik ba ote dagoen kontrolatzeko barren monitorizazio sisteman. TEPCOk kudeatzen du zentrala, Fukushimakoa kudeatzen duen konpainia bera. TEPCO

2026ko urtarrilaren 22an - 09:36
Azken eguneraketa: 11:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Kashiwazaki-Kariwako zentral nuklearra Japoniako mendebaldean dago eta itsasoaren ondo-ondoan ditu lerratuta bere zazpi erreaktoreak. Munduko handiena da. TEPCO konpainiak abenduan lortu zuen horietako bi berriz pizteko baimena eta asteazken honetan jarri dute martxan lehenengo erreaktorea. Egun bat ere ez du iraun. 

Fisio nuklearrik ba ote dagoen kontrolatzeko barretan alarma batek jo du monitorizazio sisteman. Saiatu dira aparatu elektronikoak aldatzen, baina hala ere akatsak hor jarraitu du, eta arduradunek erreaktorea berriz gelditzea erabaki dute ikerketa sakonago bat egiteko. TEPCOk adierazi duenez "ez da kanporako eragin erradioaktiborik izan".

Hain justu, aurretik egindako frogetan ere antzeko akatsak atzeman zituzten kontrol barretan eta, ondorioz, martxan jartzeko data atzeratu behar izan zuten. Egun bazuk igarota, baina, konpainiak esan zuen beharrezko "doikuntza" eta inspekzioak egin zituela akats horiek konpontzeko.

2011n Fukushimako hondamendi nuklearra gertatu zenean zentrala itzali zuten, Japoniako beste guztiak bezala. Baina orain gobernuak politikaz aldatu du eta erreaktoreak pizten hasi da berriz ere –jadanik hamalau daude martxan herrialde osoan–, nuklearren lobbyaren presioaren ondorioz.

TEPCOk urteak daramatza Kashiwazaki-Kariwako zentrala irekitzeko tramiteetan. Fukushimako zentralaren hondamendia kudeatu zuen konpainia publiko bera da, kutsaturiko milioika metro kubo ur erradioaktibo itsasora botatzeko baimena lortu zuena.

 


Energia nuklearra kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.