Zinearen alderdi boteretsuenetako bat da, nire iritziz, irudiak duen gaitasuna ekintzak oso hurbiletik sentiaraz eta biziarazteko. Irakurtzean ere gerta daitekeen arren, oso erraza da pelikuletan bortxa eta indarkeria norbere azalean sentitzea edo tristurak eztarria korapilatzea. Josephine, Beth de Araújo zuzendariaren film luzea, ikusteko oso gogorra da: filmaren hasieran, Josephine protagonista eta aita parkera joan dira korrika egitera. Konturatu gabe, desbideratu egin da Josephine, eta bat-batean bortxaketa bat ikusi du; gizon batek parkean zebilen emakume bat bortxatu du. Eszena oso biolentoa eta esplizitua da, aurrez jakin dezazuen. Zortzi urteko Josephine txikiak, hasieran, ez du ulertu zer gertatu den, eta, pixkanaka, gurasoek azaldu beharko diote jazo dena.
Egoera ezin latzago hori De Araújo zuzendariak berak txikitan bizi izan zuen, Golden Gate parkean aitarekin zela. Elkarrizketa batean esan duenez, berari ondo etorriko zitzaion txikia zenean azalpen eta laguntza gehiago izan balitu, eta hori izan da filma egiteko arrazoietako bat. Oso ondo irudikatzen ditu halako gertaera batek ume txiki batengan sortzen dituen beldurra eta trauma: nola eragiten duen bizitzako beste alderdietan, eskolan eta gurasoekin duen erlazioan, batez ere aitarekin duen harremanean.
Josephine bortxatzailea ikusten hasten da denbora osoan, benetan ez badago ere. Jokabidea aldatuko du, eta gizonekiko beldurra garatu. Gainera, aitaren eta amaren jarrera desberdina da: aitak babes pertsonaleko klaseetara apuntatu nahi du, eta amak psikologo espezializatu batengana eraman. Ikusten dugu halako egoeretan generoak jokabidea nola baldintzatzen duen, istorioan oso ondo integratuta.
Azkenik, aipatu nahiko nuke ikusleak pelikulan zehar sentitzen duen ezintasuna. Bortxaketa ikusi dugu, geure begiekin, eta, hala ere, badirudi bortxatzailea ez dutela kondenatuko. Josephinek lekukotasuna ematea derrigorrezkoa izango da aitarena ez delako nahikoa, gizona ihesi hasi zenean iritsi baitzen aita. Egoera ezin injustuago batean, zortzi urteko umea lekukotza ematera behartuta egongo da, horrek sor diezaiokeena ia kontuan hartu gabe. Justizia sistemaren zulo eta akatsak agerian utzi ditu horrek, eta baita biktimari jartzen zaion zama jasanezina ere.
Lanak amaiera garratza baina optimista dauka, eta asko eskertu dut hori. Josephinek defentsaren abokatuari botatzen dion esaldi ikaragarriak txaloak eragin ditu publikoan. Erasotzaileak biktimaren eta ingurukoen bizitzetan uzten duen zauriaren inguruan mintzo da Josephine: benetan da ikusteko lan zaila, baina ondo egina.