Gasteizko Udalaren ‘I Love Turismo Accesible’ kanpaina salatu dute

  • Gasteizko Udalak hiri inklusibo eta irisgarriaren irudia proiektatu nahi izan du FITUR turismo azokan, baina desgaitasun fisikoa dutenen bizkar. Eginaren Eginez elkarteak salatu du kanpaina “manipulazio instituzionala” dela, bizi duten “eguneroko errealitate, soziala eta politikoa manipulatzen” duelako.


2026ko urtarrilaren 26an - 07:00
Azken eguneraketa: 14:31
Eginaren Eginez
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Eginaren Eginez Arabako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Elkarteak salatu du Gasteizko Udalak FITUR-en aurkeztu duen “I love Turismo Accesible” (turismo irisgarria maite dut) kanpaina iruzurra dela. Madrilen egiten den FITUR turismoaren inguruko “munduko azoka handienean” Gasteizko Udalak hiri inklusibo eta irisgarriaren irudia proiektatu nahi izan du. Eginaren Eginezeko kideek arbuiatu dute, baina, kanpaina “makillaje instituzionala” dela, “errealitatea manipulatzen” eta “eguneroko errealitate, soziala eta politikoa baztertzen” duelako. Adierazi dute Gasteizko Udalak ez duela "turismo irisgarri erreala" eskaintzen, “eszenografia irisgarria” baizik; ez dagoelako “analisi kritikorik, benetako parte-hartzerik, entzute aktiborik, ezta kolektiboaren ongizatea bermatu dezakeen konpromiso politikorik" ere. 
 
Elkarteko kideek arbuiatu dute kanpaina aniztasun funtzionala duten beste autonomia erkidego batzuetako bi pertsonekin egin dutela, “Gasteizen bizi garenok bizi dugun eguneroko errealitate, soziala eta politikoa ezagutzen ez duten” pertsonekin. Argi dute aukeraketa hori ez dela “kasualitatea”, ezta “errugabea” ere, eta desgaitasun fisikoa duten pertsonek pairatzen duten bazterketa sistematikoaren seinale dela. Hori horrela, “kapazitismo instituzionalaren” aurka irmoki mintzatu dira. Ekintza biolentoak ez izanda ere, “gutaz gu gabe hitz egitea, ahots erosoak aukeratzea, kritika saihestea eta gatazka isilaraztea” kolektiboaren aurkako erasoak direla gaitzetsi dute.

Halaber, Gasteizko Udalak kolektiboaren bizkar jokatzea salatu dute. Izan ere, hiriak kanpoaldera irudi atsegina proiektatzea bilatzen du, Gasteizko dibertsitate funtzionala duten herritarren aldarrikapen historikoak “ikusezin bihurtzen diren bitartean”. Elkarteak urteak daramatza kideek bizi dituzten zailtasunak salatzen, tartean, oztopo arkitektonikoak, benetako irisgarritasunik eza, arauak ez betetzea, gizarte-bazterketa edo erakundeen arretarik eza.

Haserre hori guztia bildu eta eskaera zehatzak mahaigaineratu dituzte:

    • Gasteizko dibertsitate funtzionala duten pertsonek gure bizitzetan eragina duen edozein politika edo kanpainatan benetako parte-hartze loteslea izatea.
    • Irisgarritasunaren arloan dauden gabeziak publikoki aitortzea.
    • Dibertsitate funtzionalaren propaganda-erabileraren amaiera.
    • Egitura-kapazitismoaren aurkako konpromiso politiko serio, iraunkor eta ebaluagarria hartzea. 

Ozen aldarrikatu dute irisgarritasuna ez dela eraikitzen “nazioarteko azoka batean, ezta sustapen-bideo batean ere; kaleetan, auzoetan, garraioan, etxebizitzan, kulturan eta eguneroko entzutean” baizik.


Aniztasun funtzionala kanalean gehiago
2025eko uztailaren 23
Meloi saltzailea
Duintasuna

2025eko martxoaren 5
Lurraldea eta arkitektura
Desgaia gai

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.