Fundazioko ordezkariak Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriarekin bildu dira asteazken honetan, 12/2016 legea moldatzea galdegiteko. Era berean, jakinarazi dute 500 biktima erregistratu dituztela Eusko Jaurlaritzan.
Egiari Zor fundazioko ordezkaritza bat Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariarekin bildu da asteazken honetan Gasteizen, eta estatu indarkeriaren biktimen aitortzarako 12/2016 legea berritzeko eskaera berretsi dio, biktimarik “baztertuta” gera ez dadin. Izan ere, 1979tik 1999ra bitarteko giza eskubideen urraketak soilik hartzen ditu kontuan lege horrek, baina, fundazioaren arabera, epe horiez gaindiko kasu anitz daude.
Iazko abenduan dinamika bat abiatu zuen Egiari Zor-ek oraindik aitortzarik eman ez dieten biktimen kasuak biltzeko. Orain jakinarazi dute lau hilabeteko epean 500 lagunen aitortza eskaerak erregistratu dituztela Eusko Jaurlaritzan.
Eskaera horiek guztiak paperean jasota eraman dizkiote fundazioko kideek Tejeriari, lege aldaketaren beharra erakusteko. Pilar Garaialde fundazioko eledunak adierazi duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egun indarrean dagoen legediak aintzat hartzen ez dituen kasuak dira.
Fundazioak gogorarazi du eskaerak egiteko ireki zen epea itxita dagoela eta ezin direla gehiago erregistratu. 2019tik 2021era, epea zabalik egon zen bitartean, 711 eskaera aurkeztu ziren guztira, eta 400 biktima aintzatetsi dituzte ofizialki.
Egiari Zor-ek Kriminologiaren Euskal Institutuaren txostenarekin alderatu du datu hori, eta erran du azken honek "4.000 kasu baino gehiago dokumentatzen dituela torturari dagokionez soilik". Fundazioaren iritziz, bere garaian jarritako epeak “ez ziren nahikoak izan jaso beharreko biktima kopuruarentzat”. Era berean, legearen zabalkundeak "ibilbide urria eta zaila" izan zuela deitoratu dute, eta horrek eragotzi egin zuela informazioa garaiz iristea biktima anitzek euren eskaera aurkeztu ahal izateko.
Giza eskubideen urraketa batzuk gaur egungo testuan jasota ez daudela ere azaldu diote legebiltzarreko presidenteari; hala nola, “salbuespeneko espetxe politikaren” edo “zeharkako indarkeriaren" ondoriozkoak. Legeak aintzat hartzen dituen epeak moldatzea ere beharrezkoa dela uste dute, "legeak kasu guztiak estali ditzan, 1960tik gaur arte".
Hori dela eta, Egiari Zor-ek legearen “erreforma sakona” egiteko eskatu du, “araua mekanismo integral bihurtzeko eta estatuaren indarkeriaren biktimek jasaten duten asimetria behingoz gainditzeko”. Argi utzi du ez duela “adabaki bat” jartzerik nahi.
Kontziente dira legearen erreformak “luze” jo dezakeela; are, fundazioaren kalkuluen arabera, “gutxienez urte eta erdiko lan jarraitua” ekar lezake. Horregatik, Tejeriari eskatu diote talde parlamentarioei helarazteko “premiazko beharra” dela eskaerak aurkezteko bertze epe bat zabaltzea, egin gabe geratu ziren eskaerei bide emateko.
Ohartarazi dute bien bitartean lanean jarraituko dutela. Eta azken urteetan giza eskubideen urraketaren bat jasan dutenei dei egin diete haiekin harremanetan jar daitezen.