Egiako tiroketa arrazista eta udalaren isiltasuna salatu dituzte ehunka lagunek

  • Jendetza batu da astelehenean Egian, Blas de Otero plazan, “ehiza arrazista” salatzeko. Kale egoeran dauden migratzaileen kontra azkenaldian izan diren eraso larriak gogor gaitzetsi dituzte eta Poliziari eta udalari betetzen ari ez diren ardurak bete ditzaten exijitu diete. 


2026ko irailaren 15ean - 14:55
Azken eguneraketa: 2026-09-16 11:04
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Udaletxeraino bidea egin dute 2.000 bat lagunek “arrazistak geure auzoetatik kanpora” oihukatuz. Udaletxe atarian irakurri duten agirian, joan den ostegunean Egian izandako tirozko erasoa irmoki salatu dute eta konstatazio bat jarri dute mahai gainean: “Tiroz egindako eraso baten ondorioz ez da ohikoak diren Polizia dispositiborik ezta ikerketarik ere abiatu”. 

Hedabide honek Donostiako Udalari galdetu zion erasoa argitaratu zenean inongo informazio edo iritzirik ba ote zuen. Gaur, udaleko iturriek azaldu dute ikerketa Ertzaintzak daramala eta Udaltzaingoan ez dutela salaketarik jaso: “Ertzaintzaren ikerketaren zain gaude, gertakarien nondik norakoak ezagutzeko”. Jon Insausti alkateak ez du gertatutakoaren berri eman. 

Harrituta daude, beraz, Harrera Sareko kideak, “egoeraren larritasunaren aurrean” Poliziak eta alkateak izandako jarrerarekin. “Bitartean, polizia operazioak ikusten ditugu arratsaldero Parte Zaharrean, KASeko boluntarioak identifikatzen eta mehatxatzen afariak banatzen duten bitartean”, gehitu dute Harrera Sareko kideek manifestazio bukaeran. 

Gorroto giroa eta zigor ezaren sentsazioa

Sare sozialetan azken bi urteetan hazten joan den gorroto giro baten ondorioa da erasoa. Fiskaltzaren eta Poliziaren aurrean hamaika salaketa jarri dituztela jakinarazi dute, erasotzaileen bideo eta sare sozialen argitalpenekin. Behin eta berriro ohartarazi dute egoerak okerrera egin zezakeela, “eta gertatu egin da”. “Ez da kasu isolatua” salatu dute, udan, Parte Zaharrean gertatutakoarekin. 

Era berean, udalaren erantzukizuna azpimarratu nahi izan dute. Azken bi urteotan, “ez du sekula publikoki salatu gorroto giroa”. Are gehiago, egoera jakin batzuetan udalak berak diskurtso arrazistei haizea eman izana deitoratu dute: “Afariak seinalatu ostean, hauek debekatuz, sareetan kanpalekuak agertu ostean hauek eraitsiz eta abar. Beste era batera esanda, gorroto diskurtsoari aurre egin beharrean, diskurtso horrek berak seinalatutako pertsonen aurka jarduten da”.

Udalaren jarrera honek “ez dio arrazakeriari aurre egiten, normalizatu egiten du, eta bultzatzen eta gauzatzen dutenen zigorrik eza sustatu”, salatu dute.   

 

Jendetza batu da Egian, tiroketa arrazista salatzeko.Xalba Ramirez

Jendetza batu da Egian, tiroketa arrazista salatzeko.Xalba Ramirez

Jendetza batu da Egian, tiroketa arrazista salatzeko.Xalba Ramirez


Arrazakeria kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.