Egia Kermanentzat elkarteak webgunea sortu du Villateren heriotza ezagutarazteko

  • Gasteizko Mitika diskotekako atezain batek ukabilkada jo ostean hil zen, duela urtebete. Webgunean, besteak beste, kasuaren prozesu judiziala azaldu dute. Bestalde, berriki azaleratu da atezainek gutxienez beste lau eraso gehiago egin zituztela Villate hil baino lehen. Gurasoek salatu dute Gasteizko Udalak entzungor egin diela kasua ikertzeko eskakizunei. 

'Justizia Kermanentzat' eskatzeko elkarretaratzea, pasa den abenduan. Foku / Jaizki Fontaneda

2026ko abuztuaren 4an - 11:11
Azken eguneraketa: 14:47
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Kerman Villate Beitia 2025eko otsailaren 23ko gauean hil zen, Gasteizko Mitika diskotekako atezainak bortizki kolpatu ostean. Pasa den ekainean gurasoek eta ingurukoek Egia Kermanentzat elkartea sortu zuten kasua jakinarazi eta heriotzaren gaineko "egia osoa argitzeko". Izan ere, Justiziak egotzi du "zuhurtziagabekeriaz" egindako ekintza baizik ez zela izan. Ez da diskotekako atezainen indarkeria agerian utzi duen kasu bakarra; jakinarazi da Villateren heriotza baino lehen gutxienez beste lau eraso egin zituztela.

"Bizi bat etenda. Familia bat eta lagunarte bat apurtuta". Hori da egiakermanentzat.eus-en sartu eta berehala irakur daitekeena. Iazko otsaileko gauean gertatutakoaren nondik norakoak azaltzean gain, eguneratutako prozesu judizial osoa biltzen du webguneak. Horretaz gain, kasuarekin lotutako berrien atala dauka, eta baita ekarpenak egiteko atala ere. Hainbat bide proposatzen ditu webguneak horretarako, izan diru laguntzen bitartez edota pankartak eta afixak erosita.

Webguneak kasuarekin zerikusia duten testigantzak jasotzeko aukera ere ematen du. Helburua dantzalekuan halako erasoren bat jasan edo ikusi duenari elkartasuna adierazi eta testigantzak jasotzea da. Halakorik jakinez gero, herritarrek justiziakermanentzat@gmail.com helbidera idatzi behar dute.

Eraso gehiago

Kermanen heriotza ez baita lehen bortizkeria kasua. EITBk asteburuan argitaratutako ikerketaren arabera, Villateren heriotzaren aurretik, gutxienez lau eraso gertatu ziren atezainen partetik. Lau gazteren testigantzak jaso ditu komunikabideak. Azaldu dutenez, erasoak "bat-batekoak" ziren, abisatu gabekoak, eta "indarkeria handikoak"; erasotuetako batek konortea galdu zuen kolpearen ondorioz eta beste bati belarrondoko bat jo eta tinpanoa zulatu zioten.

Salaketa jarri zuten, eta, lau kasuen prozesu judizialak irekita badaude ere, erasotuak "etsituta" daude, "desinformatuta" sentitu direlako eta prozedurari uko egitera "bultzatu" dituztelako. Ordea, guztiek bat egin dute esatean neurriak hartzea "beharrezkoa" zela, Ertzaintzak, Gasteizko Udaltzaingoak, larrialdi zerbitzuek eta taxi gidariek bazekitelako "horrelako erasoak" gertatzen zirela. 

Villateren gurasoek Radio Euskadi-n egindako elkarrizketan adierazi dute diskotekan izandako 22 erasoren berri dutela, horietatik hamahiru atezainen eskuetan. Salatu dute Gasteizko Udalak Arartekoari aitortu diola hori, baina udalak ez diela haien eskaerei erantzun: "Nahiz eta azken hilabeteotan hainbatetan eskatu, ukatu egin digu auzirako erabakigarria den informazio hori, behin eta berriz. Orain, jende guztiak daki Mitikako arazoa larria zela. Behingoz, familiarekiko jarrera aldatuko du udalak? Agindu zigun barne ikerketa abiaraziko du alkateak?".

Gasteizko alkate Maider Etxeberriak irrati berean erantzun die gurasoei: "Epaileak bakarrik egotzi dezake kasua, ez Arartekoak, ez Gasteizko Udalak, ez familiak, ez Eusko Jaurlaritzak". Familiari informazioa helarazi ote dioten galdetzean, alkateak esan du udala gutxienez lau aldiz elkartu dela haiekin, baina ez du gehiagorik erantzun, ardura epaitegietan dagoela argudiatuta.


Justizia kanalean gehiago
2026ko martxoaren 25
Arantzazu Beitia - Roberto Villate. “Egia eta Justizia Kermanentzat”
"Diskotekako atezainak azpikeriaz hil zuen Kerman"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...