Egarri greba abiatu du Israelek bahitua duen flotillako kideetako batek

  • Maiatzaren 1etik gose greban zebilen Saif Abukeshek Global Sumud Flotillako (GSF) kideak egarri greba ere hasi du, Israelgo epaitegiek beste sei egunetarako atxiloketa luzatzeko erabakiri jarritako errekurtsoa atzera bota dutenean. Atxilotutako beste ekintzaile Thiago Ávila ere gose greban da eta hil berri zaion amari azken agurra ematea eragotzi diote.

Egarri grebari ekin dio Global Sumud Flotillako kideak, gose greban egon ondoren.

2026ko maiatzaren 7an - 15:12
Azken eguneraketa: 2026-05-08 12:33
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Asteazkenean jakinarazi du GSFak Thiago Ávila ekintzaile brasildarrarekin batera bahituta dagoen ekintzaile katalan-palestinarra, Saif Abukeshek, egarri greban hasi dela. Gazako lurralde okupatuan eraikitako Shikma espetxean dituzte isolatuta eta gose greban daude maiatzaren 1etik prozesu judiziala dela eta.

Bi ekintzaileak torturatzen ari direla salatu du GSFk. Igandean deklaratu zuten epaile aurrean eta delitu larriak leporatu dizkiete: “gerra garaian etsaiari laguntzea, atzerriko agente batekin harremanetan jartzea, erakunde terrorista bateko [Hamas] kide izatea eta hari zerbitzuak ematea, eta ondasunak erakunde terrorista bati transferitzea”. Erabakia “froga sekretuen” baitan hartu da, abokatu zein ekintzaileek ikusi ez dituztenak. Tribunalak atxiloketa sei egunerako luzatzea onartu zuen eta maiatzaren 10era arte. Erabakiaren aurrean aurkeztutako errekurtsoa ukatzean ekin dio egarri grebari ekintzaileak.

Apirilaren 26ean abiatu ziren 58 itsasontzi Siziliako portutik laguntza humanitarioa eramateko. 22 barku intertzeptatu zituzten Gazatik 600 milatara nazioarteko uretan eta 180 ekintzaile bahitu zituzten. 40 orduz barkuko espetxean egon ondoren Greziako kostazainen esku gelditu ziren. Hala ere, Abukeshek eta Ávila gainerako kideetatik banandu zituzten lurrera iritsi aurretik, Sofia Begoña GSFko ekintzaileak ARGIAn azaldu duenez. Ana Ribacoba Menoyo GSFko Euskal Herriko kideak hedabide honi adierazi dio bi ekintzaileak izan zirela barkuek jasandako erasoaren helburu nagusia, “protagonismo publiko handiena beraiek izan dutelako”. Brasilgo enbaxadak espetxean Ávilari egindako bisitaren ondoren salatu zuen torturatuak izan zirela.

GSFek nabarmendu du bahiketak “indarkeria estatalaren, atxiloketa administratiboaren eta Gazako eta Zisjordaniako herrien aurkako torturen isla direla” eta Gazaren “blokeo ilegala eta genozidioa ahalbidetzeko beste modu bat” direla. Gose eta egarri grebak “mundua esnatzeko oihua” direla azaldu dute eta bi ekintzaileez gain, bahituak eta Palestinako preso politikoak aska ditzaten eskatu dute.

Thiago Ávila ekintzailearen ama hil da

GSFak Thiago Ávilaren amaren heriotzaren berri eman du. Teresa Regina de Ávila e Silva astearte goizaldean hil zen 63 urterekin. Ekintzaileari ez diote agurtzeko aukerarik eman eta ez du heriotzaren berri ere. Flotillako kideek adierazi dute seguru aski abusu sistematikoak egindako soldaduak izango direla berria jakinaraziko diotenak eta gerra psikologikorako erreminta gisa erabiliko ote duten beldur dira. Adierazi dute Palestinako familiek 80 urtez jasan duten protokolo sistematikoaren parte dela gerra psikologikoa.


Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.