Ebolak 221 hildako eragin ditu Kongoko Errepublika Demokratikoan

  • Herrialdeko Osasun Ministerioak zabaldu du datua larunbatean. Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko zuzendariak aitortu du larrialdiak “gainezka” egin diela, eta “eguneratzen” saiatzen ari direla. Kongoko Errepublika Demokratikoko egoera politikoa zailtzen ari da gaixotasunari aurre egitea.

Munduko Bankua

2026ko maiatzaren 26an - 12:38
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ipar globalak alarmak piztu ditu Italian ustezko ebola bi kasu atzeman direlako, baina KED Kongoko Errepublika Demokratikoan dagoeneko larrialdia etxean dute. Herrialdeko Osasun Ministerioak larunbatean zabaldu zituen datuen arabera, dagoeneko 101 kutsatu eta beste 930 susmagarri daude. Datu larriena, baina, hildakoena da: 221 zenbatu ditu Kongoko Gobernuak.

Ebolaren egungo agerraldia maiatzaren 15ean deklaratu zuen gobernuak Ituri probintzian, herrialdearen ipar-ekialdean, eta ebolaren Bundibugyo aldaerarekin bat dator. Haren hilkortasun-tasa % 30 eta % 50 artekoa da, eta oraingoz ez dago baimendutako txertorik edo tratamendu espezifikorik, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera. Astelehenean umiltasun eta zintzotasunez mintzatu da horren inguruan Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko zuzendari nagusia: "Gaindituta sentitzen gara (...) Oso azkar zabaltzen den epidemia batekin eguneratzen saiatzen ari gara "

Gaixotasunari aurre egiteko baldintzak ez dira mesedegarriak, aipatutako arriskuez gain, herrialdea ezegonkortasun politiko betean baitago. Izan ere, Ituri eskualdean lau pertsonatik batek laguntza humanitarioa behar du eta bostetik bat herrialdeko beste puntu batzuetatik ihesi iritsitakoa da. Are, bertako osasun-sistema “ahula” dela azpimarratu du Ghebreyesusek.

Oraingoz gaixotasunari aurre egiteko txertorik ez badago ere, nazioarteko komunitate zientifikoa irtenbide bila ari da buru-belarri, txerto eta terapia berrien bila. OMEk jakinarazi duenez, bizkortu egin dute txertoen eta tratamenduen bilaketa, azken urteetan Afrika erdialdean erregistratutako agerraldi kezkagarrienetako bati aurre egiteko asmoarekin.


Irakurri gehiago: Ebola Gizartea Osasuna
Ebola kanalean gehiago
2015eko azaroaren 18
Bye bye ebola!

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...