Luxenburgoko auzitegiak ebatzi du, batetik, diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik zigortutakoei amnistia legea aplikatzeak ez liekela kalte eginen EBko funtsei; bertzetik, terrorismo delituak egotzi zaizkienei amnistia aplikatzeak ez duela talka egiten Europako Zuzenbidearekin. Sententziak Puigdemonten, Junquerasen eta Kataluniako bertze buruzagi subiranista batzuen egoerari eragiten die. ERCk, JxCk, Generalitateak eta Espainiako Gobernuak Espainiako auzitegiei eskatu diete amnistia legea aplikatu dezatela.
Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak Espainiako amnistia legeari oniritzia eman dio ortzegun honetan. Duela urte eta erdi Espainiako Kontu Auzitegiak, batetik, galdetu zion Luxenburgori ea testua bateragarria ote zen talde komunitarioaren zuzenbidearekin; eta Espainiako Auzitegi Nazionalak, bertzetik, galdegin zion ea “terrorismoa” egotzita auzipetutako CDR Errepublikaren defentsarako batzordeetako hamabi kide amnistiatu behar ote dituen.
Luxenburgoko areto handiko hamabortz magistratuek bi epairen bidez erantzun diete galderei. Ebatzi dute legea bateragarria dela talde komuniatarioko zuzenbidearekin, ez dielako eragiten EBren gastuei, eta ez duelako talka egiten EBren “terrorismoari” buruzko zuzentarauarekin. Kontuan hartu behar da, hain zuzen, amnistia legetik kanpo geratzen direla "jokabide terroristarik larrienak", baita "norbanakoen aberasteari" bide eman dioten diru publikoaren erabilera bidegabeak ere.
Auzitegi horretako presidente Koen Lenaertsek irakurri du sententzia Luxenburgon, eta adierazi du legearen helburua zela “tentsio politiko eta instituzionala murriztea, eta berradiskidetzarako bidea erraztea”. Espainiako Kongresuak 2024ko maiatzeko azken egunean onartu zuen legea.
Bertzalde, Espainiako eskuinaren kexa nagusietako bat desaktibatu du Luxenburgok; auzipetuei amnistia legea aplikatzeko gehienez bi hilabeteko epea dutela epaileek. Espainiako epaileen gehiengoak arau horri entzungor egin dio orain arte.
Litekeena da sententzia horrek Kataluniako prozesu subiranistaren ondorioz erbesteratuta edota inhabilitatuta daudenen etorkizuna baldintzatzea; bertzeak bertze; Kataluniako Generalitateko presidente ohi Carles Puigdemontena eta presidenteorde ohi eta ERCko buruzagi Oriol Junquerasena.
Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak ez die amnistia aplikatu ez haiei, ez bertze buruzagi subiranista ohi batzuei, argudiatuta “beren buruarentzat irabaziak lortzeko” bideratu zutela 2017ko urriaren 1eko independentzia erreferenduma aitzin eramateko diru publikoa. Puigdemonten kasuan, haren kontrako atxilotze agindu bat emanda dauka Auzitegi Gorenak 2017ko udazkenetik, erbesteratu zenetik.
Gorenaren erabakiaren ondoren, Puigdemontek eta Junquerasek babes helegite bat jarri zuten Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Ebatzi aitzinetik, ordea, EBko Justizia Auzitegiaren iritzia jakin nahi zuen Auzitegi Konstituzionalak. Bada, Luxenburgok erantzuna eman du, eta orain pilota Espainiako epaitegiaren teilatuan dago. Azken hilabeteetan Espainiako eta Kataluniako hainbat hedabidek iturri judizialak aipatuz kaleratu dutenez, Konstituzionala udazkenean da helegiteez ebaztekoa.
Sententzia jakin eta bereahala ailegatu dira erreakzioak. Junqueras izan da iritzia ematen lehenengoetakoa, eta amnistia aplikatzea eskatu du, “jada ez dagoelako aitzakiarik”. Amnistiak “garaipen osatugabea izaten jarraitzen duela” ziurtatu du, eta epai horrek agerian uzten duela eztabaida ez dela soilik amnistiari buruzkoa, baizik eta "estatuaren kalitate demokratikoari" buruzkoa.
Generalitateko presidente Salvador Illak (PSC), bere aldetik, galdetu du "zer gehiago behar den amnistia legea aplikatzeko", eta sentenziak "Kataluniarentzat itxaropenezko etorkizuna" irekitzen duela ziurtatu du. Felix Bolaños Espainiako Gobernuko Presidentetza ministro antzera mintzatu da. "Jada ez dago dudarik: amnistia legea konstituzionala da, eta bateragarria zuzenbide europarrarekin", azpimarratu du, eta lege hori aitzin eramatea "lorpen kolektibo bat" izan dela erran du.
Alerta Solidàriako abokatu Eva Pousek Espainiako Auzitegi Nazionalari eskatu dio CDRen aurkako ekinbideak “berehala artxibatzeko”. EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen bozeramaile Mertxe Aizpuruak erran du Luxenburgoren abalak “zuzendu” egiten dituela “errebeldian kokatu” diren epaileak: “Horrela berresten da aspalditik defendatzen ari garena: gatazka politikoak ez dira epaitegietan konpontzen, ezta errepresioaren bidez ere, baizik eta elkarrizketaren, negoziazioaren eta demokraziaren bidez”.