Ikasleak ez ezik, irakasleak eta ikastetxeak ebaluatzeaz jardun dute Bilbon, Eusko Jaurlaritzak berriki antolaturiko kongresuan. Egoki ebaluatzeak eskatzen du testuingurua aintzat hartzea, helburuak garbi adieraztea, feedback esanguratsua jasotzea eta neurketa estandarrak auzitan jartzea, beste hainbat gakoren artean.
Hezkuntza munduko 1.000 profesionaletik gora elkartu dira Bilbon, konpetentzien garaian ebaluatzeko estrategiez, irizpideez, oztopoez eta teknologiez aritzeko, hainbat hitzaldi, mahai-inguru eta erakusketa tarteko. Abiapuntua: ebaluazioa izatea ikas-prozesuan aurrera egiten laguntzen duen tresna. Horretarako, assessment (ebaluazioa, ingelesez) hitzaren latinezko jatorrira jo du Carol Campbell hizlariak: ad sedere, alegia “alboan eseri”, metafora egokia baita ulertzeko ebaluatzeak eskatzen duela ikaslearen ondoan jarri, berau ezagutu –ikasle horrek nola ikasten duen, emozionalki zein egoera bizi duen…– eta haren ikas-prozesuan akonpainatzea.
Ebaluazioari lotuta, ikasketa estrategietan inpaktu handia duten bi elementu nabarmendu ditu Edinburgoko irakasleak, Britainia Handiko ikerketa batean oinarrituta: batetik, autoerregulazioa eta autogogoeta, norbere ikas-prozesuaz jabetu eta aurrera nola egin hausnartzea. Metakognizioa deitu dio Campbellek; laburrean, norbere prozesu kognitiboen inguruan pentsatzea, ikas-prozesuaren kontrola hartzea, eta hori sustatuko duten neurriak bultzatzea gomendatzen du ikerketak. Bestetik, feedback egokia emateak ere eragin handia du, indarrak non jarri eta non zentratu jakiteko, zertan eta nola hobetu asmatzen laguntzeko. Eta inportantea: ikasleak egindako lorpenak ere aintzat hartu eta baloratu, hori ere badelako motibazio iturri.
Testuinguruaren garrantziaren adibide: 5. mailako ikasleek emaitza hobeak atera zituzten 6. mailakoek baino. Sekretua: 5. mailakoak justu orduantxe ari ziren gai hori lantzen
Ikasle bakoitza nondik abiatzen den jakiteko, ebaluazio diagnostikoa egin ohi da –edo egin beharko litzateke– ikasturte hasieran adibidez; gutxi gorabehera hiru hilean behin egiten diren ebaluazio aldiek berriz, ebaluazio batutzailea dakarte, hainbat jakintza eta konpetentzia neurtzeko. Batetik bestera dagoen bide horretan, ikas-prozesuan bertan, egiten den ebaluazioan jarri du fokua Campbellek: ebaluazio hezigarrian. Zein ezaugarri izan behar ditu ebaluazio hezigarriak? Lehenik, oso inportantea, ikasleek lortu behar dituzten helburu eta arrakasta irizpideak ikasleekin eurekin argitzea, eraikitzea eta partekatzea. Zer eskatzen edo eskatuko zaien garbi izan behar dute ikasleek, eta ongi ulertuko duten hizkuntzan azaldu behar die irakasleak, ikasiko duten hori ikasketen marko orokorrean non kokatzen den esplikatuta, eta ikasleek ere hitz egin behar dute horretaz guztiaz. Azken finean, nekez iritsiko da helburuetara, horiek argi ez dituena.
Bigarrenik, ikasgelan galderak eta eztabaidak sustatzeaz mintzatu da eskoziarra, zailtasunak eta zalantzak identifikatzeko, dakigunaz eta ez dakigunaz lasai hitz egiteko eta bide horretan elkar-elikatzeko. “Erantzun okerrak aitzakia dira ikasten jarraitzeko”, adierazi du.
Hirugarren elementua, ebaluazio komunitarioa: autoebaluazioa, parekoen arteko ebaluazioa eta elkarrizketa, norbere prozesua erregistratzeko tresnak… Esaterako, eguneroko bat idaztea, non ikasleak adierazi dezakeen hasieran zer aurreikusten duen, ondoren nola joan zaion edota zein ahulgune eta indargune antzeman dituen. “Batzuek hasieran antsietatea eta beldurra adierazten dute zenbait ikasgairen aurrean, eta ondoren, agian, konturatzen dira ez dela hainbesterako”.
Eta azken ezaugarria, dagoeneko errepikatu duguna: irakasleak ikasleari ematen dion feedbacka, ikasleak ikus dezan zer egin duen ongi eta zer duen hobetzeko, nondik jo dezakeen horretarako. Nolabait, hirugarren eta laugarren ezaugarriak lotuta doaz, ikasleak bere ikas-prozesuaz gogoetatu eta haren ardura hartu behar duelako, baina horretarako heldulekuak eman behar dizkio irakasleak.
Hitzaldi amaieran, ebaluazioaren hirukia osatu du hizlariak: behaketa, solasaldiak (ikasgelan sorturiko eztabaidak) eta produktuak (idazlanak, probak…).
Baina ebaluazio etengabe hori noiz bukatzen da? Noiz bukatzen da gogoeta, galderak egitea, eztabaidatzea, aurrera egiteko feedbacka ematea? Eta nondik atera denbora, hori guztia egiteko? Horiek ikus-entzuleek planteatu dituzten galderak.
P. Elosua: "Agian neurketa estandarren desestandarizazioaz hitz egin beharko genuke, neurketa orokor horretan sartzen ez diren ikasleak ebaluatzeko"
Ebaluaketa tresnak diseinatzen
Testuingurua. Horra Paula Elosua EHUko irakasleak bere hitzaldian behin eta berriz azpimarratu duen hitza, testuingurua aintzat hartu gabe egindako ebaluazioa alferrikakoa izango baita, berdin testuingurutik kanpo irakurritako ebaluazio emaitza. Adibiderako: PISA shock. Kontzeptua Alemanian jaio zen, PISAren emaitza txarrek herrialdea astindu zutenean. Gurean ere, titular tremendistetarako eta alarmismoz betetako mezuetarako bazka izan da PISA nazioarteko ebaluazio sistema, emaitza txarrak utzi dituenean. Baina zenbakiak beti testuinguru baten barruan ulertu behar direla adierazi du Elosuak, eta plaza publikoa hartzen duen PISA, esaterako, icebergaren tontorra baino ez dela, eta sarri tontor horrek ez duela ongi islatzen azpian dagoen guztia. Horregatik da hain inportantea emaitzen interpretazioa.
Pare bat adibide. Ikastetxe batean azterketa egin zutelarik, gai beraren bueltan 5. mailako ikasleek emaitza hobeak atera zituzten 6. mailakoek baino. Sekretua: 5. mailakoak justu orduantxe ari ziren gai hori lantzen. Beste proba batean, gipuzkoarrek bizkaitarrek baino hobeto erantzun zuten. Sekretua: euskalkiak eragina zuela konturatu ziren, eta aldagai horretaz jabetzeak balio izan zien etorkizunean proba egokitzeko.
Izan ere, ebaluazio tresnak diseinatzerakoan, testuingurua hartu behar da kontuan. Goazen pausoz pauso. Ebaluazioaren jatorrietara jo du hizlariak, eta mugarrien artean XX. mende hasierako Binet-Simon proba nabarmendu du, Parisko Udalak eskatuta adimen urritasuna zuten haurrak detektatzeko eta haiei hezkuntza egokitua emateko pentsatua. Adimena eta garapen kognitiboa neurtzeko test estandarizatuetan aurrekaria izan zen eta AEBetan egokitu eta baliatu zuten, ikusita modu bat zela populazio talde handietan gaitasun jakin batzuk kuantifikatzeko, bitarteko gutxi erabilita. Baina neurketa estandarrek gerora erakutsi dute talde minorizatu asko beti ateratzen direla kaltetuta eta ondorio argia azaleratu dute: ikaslearen egoera sozio-ekonomiko eta kulturalak berebiziko eragina du ebaluazioaren emaitzetan.
Gizarte-erantzukizuna duen ebaluazio tresna diseinatzerakoan, beraz, hiru alderdi atxiki behar ditu kontuan: ikaslearen kultura eta jarduera moldea; zein ariketa mota egingo ditugun, zer neurtzeko; eta ikaslearen baliabide kognitiboak (ikasle bakoitza zein ezagutza eta ulermen mailarekin datorren probara). Gure kasuan, Euskal Herrian, laugarren faktore bat gehitu du Elosuak: testuinguru soziolinguistikoa. “Konplexua da ebaluazio tresna bat sortzea, horregatik probatu egin behar dugu, behin baino gehiagotan, ea benetan neurtzen duen neurtu nahi genuena, horrek definituko baitu tresnaren balioa. Agian neurketa estandarren desestandarizazioaz hitz egin beharko genuke, neurketa orokor horretan sartzen ez diren ikasleak ebaluatzeko”.
Primizia ere eman digu EHUko katedradunak: hezkuntza politikak gidatzen dituen Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak sustatuta, konpetentziak bakarrik ez, baizik eta konpetentzia eraldatzaileak lantzen eta ebaluatzen hasi beharko dute laster ikastetxeek, berrikuntza, sormena, ardura, egokitzapena eta gisakoei lotutako gaitasunetan zentratuago.
Ebaluazio diagnostikoko emaitzek azalarazten dute badirela 22 ikastetxe beren egoera sozio-ekonomikoarekiko espero zitekeena baino emaitza hobeak lortu dituztenak. “Bada, horiek dira ikastetxe onenak”
Hitzaldi honek ere izan du galderarik. Eskola, institutu eta unibertsitateetako azterketek, maiz, eredu zaharrekoak izaten jarraitzen dutela adierazi du mikrofonoa hartu duen ikus-entzuleak, galdetu du ea nork duen ebaluazio sistema aldatzeko ardura. Eta kongresuko beste solasaldi, foro eta mintzaldietan entzun dugunez, administraziotik datozen hezkuntza politika, baliabide, formakuntza eta prozesuek badute erantzukizunik, baina irakasleek eurek ere baduten ahalmenean jarri du fokua Elosuak: “Behin irakasle batek aholkua eskatu zidan, test motako azterketa bat nola egin, berak ohitura zuela distrakzioak sartzekoa, ikaslea nahasi eta testa konplikatzeko asmoz, baina helburuak ezin du izan ikaslea nahastea eta helburuak garbi izan behar ditugu”. Bere jarduna ere jarri du adibide: unibertsitatean, ikasgaia emateko hamabost aste, eduki sakonak eta 140 ikasle inguru izanik, ezin du eguneroko ebaluazio hezigarri horretan indarra jarri, bukaerako proba da erabakigarriena, “baina ikasgai hasieran argi eta garbi adierazten dizkiet irizpide eta helburuak, aurreko urteetako azterketen adibideak ere ematen dizkiet, nondik jo ohi dudan eta zer espero dudan irudikatzeko; gardentasuna oso inportantea da edozein ebaluaziotan”. Ezinbestean, Campbellek emandako gakoetako batekin gogoratu gara: zer eskatzen edo eskatuko zaien garbi izan behar dute ikasleek.
Zein da eskolarik onena?
Irakasleak ebaluatzeko oztopo eta erronkak, premia bereziak identifikatzeko ebaluazioa, ebaluazio konpetentziala egiteko EKHA aplikazioa eta bestelako gaiak ere egon dira presente solasaldietan eta paneletan –ikastetxeetatik bidalitako ikerketekin erakusketa osatu dute–. Artikulu honen hasieran aipatu dugunez, ikasleak ebaluatzetik harago irakasleak, ikastetxeak eta hezkuntza sistemak ebaluatzeaz aritu dira behin baino gehiagotan.
Luis Lizasoainek, esaterako, hainbat galdera izan ditu abiapuntu bere hitzaldian: estrategiatzat hartzen badugu eskolarik onenak identifikatzea, haien praktika onak ezagutu eta gainerako eskoletan aplikatzeko, zein dira eskolarik onenak? Zerk egiten du eskola bat ona izatea? Spoilerra: nota onenak dituzten ikasleen eskolak ez dira onenak. Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko (ISEI) kidea da Lizasoain, eta bere galderei erantzuteko, ISEIk egindako ebaluazio diagnostikoa hartu du oinarri. Zehazki, EAEko Lehen Hezkuntzako ikasleen ebaluazio diagnostikoa, hizkuntza, zientziak eta matematikak neurtzen dituena.
Garbi erakusten du ebaluazio diagnostikoak: emaitzek lotura zuzena dute indize sozio-ekonomiko eta kulturalarekin. Ikastetxeak zenbat eta egoera sozio-ekonomiko hobea izan, orduan eta kalifikazio hobeak lortzen ditu, eta eskalan jarrita, sozio-ekonomikoki parekoak diren ikastetxeek pareko emaitzak lortzen dituzte, gutxi gorabehera. Ikasle migratzaileen portzentajeak, errepikatzaile kopuruak, ikastetxea publikoa ala itunpekoa izateak edota eskolaren hizkuntza ereduak ere emaitzetan eragiten dute.
Kontua da badagoela ikastetxe bat eskalatik ateratzen dena: indize sozio-ekonomiko eta kultural oso baxua du, baina lortu duen puntuaketa indize altuena duten ikastetxeen mailakoa da kasik. Ildo berean, ebaluazio diagnostikoko emaitzek azalarazten dute badirela 22 ikastetxe beren egoera sozio-ekonomikoarekiko espero zitekeena baino emaitza hobeak lortu dituztenak. “Bada, horiek dira ikastetxe onenak, lorpen maila eraginkorragoa eta ekitatiboagoa dutelako”. Behin ikastetxe onenak antzemanda, bertara joan ziren, elkarrizketen bidez zein praktika on dituzten ikustera. Aldi berean, puntuaketa txikiena lortu zuten zentroetako dinamika baloratzera ere joan ziren, batzuk eta besteak alderatuz ondorioak atera ahal izateko.
Zer aurkitu dute ikastetxe onenetan? Besteak beste, ikasleen kontrol eta segimendu handia, tutoretzei garrantzia emanez –baita familiekin ere–, zeregin planifikatuak, aniztasunari eta errendimendu baxuagoa duten ikasleei arreta oso espezifikoa, errefortzu programak, ko-irakaskuntza, metodologia ezberdinen aplikazioa, baliabideen gestio eraginkorra, irakasleen formakuntza sustatzea, irakasleen arteko elkar-zaintza, bat eginda dauden klaustroak, lidergo partekatua, gatazketan esku-hartzeko prestakuntza, orientatzailearen garrantzia... Eskola horietako ebaluazio sistema gakoetako bat dela nabarmendu du hizlariak. Ikas-prozesuan laguntzeko erreminta gisa erabiltzen dute, eta beste hitzaldi batzuetan azpimarraturiko ideia agertu da berriro ere: ebaluazio irizpideak eta gutxieneko lorpen mailak argi eta garbi definitzen dira ikasgelan. Oso kontuan hartzeko beste osagai bat: ikastetxe onenek espektatiba altuak dituzte bai ikasleenganako, bai irakasleenganako.
Eraginkortasun gutxiko zentroetan zer aurkitu dute? Konplexutasun eta zaurgarritasun tasa handiez gain, besteak beste, behin-behinekotasun eta ezegonkortasun handia irakasle plantilletan, zeregin burokratiko asko, errendimenduaren araberako ikasle taldeak, ikasturtea errepikatzeko baliabidea gehiegitan erabiltzea eta kontrakoa, hurrengo mailara igarotzen uztea prest izan gabe, lidergorik ez, eskola-giro nahasia, irakasleen formazio koordinaturik ez, gestio txarra, harreman zaila familiekin… Ebaluazioa, artikulu honen oinarria, kalifikazio huts gisa erabiltzen da batik bat. Eta aintzat hartzekoa, honakoan ere: espektatiba baxuak dituzte ikasleengan jarrita.
Adimen Artifiziala ebaluatzaile
Azkenik, gai ugariri heldu diote Adimen Artifizialari eskainitako mahai-inguruan: AAn irakasleak –eta ikasleak– formatzeko eta alfabetatzeko beharra –ikasgelan zer eta nola erabili, bai, baina baita zein arrisku eta ondorio dituen ere–, premia berezidun ikasle bati AA zeinen lagungarri zaion, AAk euskaraz duen garapena, teknologia burujabetza… Artikulu honetan, ebaluazioaz hitz egindakoa baino ez dugu jasoko. Aurreikusten genuen adarretako bat honakoa zen: ikasleek AA erabiltzen dutelarik, ebaluatzeko manerak aldatu eta egokitu behar al dira? Baina beste ikuspuntu batetik jorratu dute gaia: irakasleak AA erabili al dezake ikasleak ebaluatzeko? Nola?
M. Iruskieta: "Koebaluazioa ala adimen artifizialaren feedback sistema automatizatua, bietatik zeinek lagundu zien gehien aukeratu behar zuten ikasleek, eta bigarrenaren alde egin zuten"
Mikel Iruskieta EHUko irakasle eta euskal filologoaren iritziz, gakoa da jakitea AA zertan den lagungarri eta non dituen haluzinazioak, akatsak eta erantzun okerrak. Nerea Salcedo kritikoago azaldu da. Irakasleak formatzeaz arduratzen den Berritzegune Nagusiko aholkularia da bera, eta gogoratu du AA ez dela garatu hezkuntzari erantzuteko. “Hezkuntza eta AAri lotuta iristen zaizkigun mezuak oso sinplistak dira, ikas-prozesuak pertsonalizatzeko baliagarria dela eta halakoak, baina sarri mezu interesatuak dira, eta AA lagungarria izan daitekeen arren, itzalak ere baditu”. Adibiderako, ebaluazio konpetentzialak eskatzen duen feedback pertsonalizatua AAk berak eman dezake gaur egun, horretarako sortu dituzten plataformetan. "Baina guk ikasleari feedbacka ematen diogunean, zaintza, maitasuna, egiten dituen aurrerapausoetan sentitzen dugun harrotasuna… islatzen da, eta makina batek ez du inoiz halakorik egingo”. Gainera, “algoritmoa hainbeste zentratzen da ikaslearen beharretan, ez dizkiola aurrera egiteko erronkak jartzen, ez dizkio transferentzia jarduerak ematen, eta beraz, ikasleari aurrera egiten lagundu ordez, azkenean AAk gurpil horretan ez al dio justu horretarako bidea ixten?”.
Iruskietak, eztabaidan aurrerago, feedbackaren gaiari heldu dio baita ere, baina oso bestelako ikuspegi batetik. Eurek egindako esperimentu bat azaldu du, non koebaluazioa ala feedback sistema automatizatua, bietatik zeinek lagundu zien gehien aukeratu behar zuten ikasleek, eta bigarrenaren alde egin zuten. Iruskieta eta enparauek hainbat irizpide txertatuz diseinaturiko feedback automatikoak, adibidez, testu bat laburtzeko estrategiak ematen dizkio ikasleari. “Kasu horretan, teknologiak ikaslearen maila oso zehatza ematen digu eta aldi berean, input jakinen bidez, lagundu egiten dio ikasleari, heldulekuak ematen dizkio, esaterako gramatika zuzenketak adieraziz eta abar. Irakasleak denbora hori baliatu dezake beste zeregin batzuetarako”.
Beste makina ebaluatzaile bat: euskarazko C1 maila ebaluatzeko gai den AA. Xabier Arregi EHUko irakasle eta informatikariak esplikatu du: milaka idazlan eta giza-ebaluatzaileek jarritako kalifikazioak iturri gisa erabilita, lortu dute ebaluatzaile automatikoak %80ko asmatze-tasa izatea. Ez da nahikoa, uste du Arregik, baina, hara non, gerora konturatu diren pertsona ebaluatzaileen artean ere antzerakoa dela asmatze-tasa. Orain, proiektua bigarren fasean dago murgilduta: idazlanak C1 maila duen ala ez adierazteaz gain, nahi dute makinak erabaki hori justifikatzea eta argudiatzea. Berriro ere, giza-zuzentzaileek testuetan egindako ohar eta iruzkinak baliatu dituzte iturri moduan, eta konplexua izaten ari dela aipatu du, hezkuntza metalinguistikoa eskatzen ari zaizkiolako makinari, hizkuntzari buruz arrazoitzeko gaitasuna izatea.
A. Arroyo: "Irakasleok ikasleen bidelagun gisa dugun protagonismotik abiatuta, zein agentzia dugu, adimen artifiziala sartzen dugunean? Gauza asko ari gara delegatzen, beti oso kontziente ez izan arren"
Segidan, horren gaineko iritzia eskatu diote Amaia Arroyo Mondragon Unibertsitateko irakasle eta konpetentzia digitaletan adituari. “Teknikoki zerbait posible delako, egin egin behar al dugu?”. Hori bere lehenengo zalantza. Lana aurrezte aldera, makinak ebaluatzea tentagarria izan daitekeela onartu du, baina ikuspegi pedagogikotik, “ebaluazioa ikas-prozesuaren parte da, ikas-prozesurako tresna da, eta makina produktuan zentratzen da, produktuaren ebaluazioan, motz geratzen dela iruditzen zait”. Hain justu, prozesu horretan guztian halako tresnei zein leku ematen diegun ongi pentsatu behar dela uste du Arroyok: “Irakasleok ikasleen bidelagun gisa dugun protagonismotik abiatuta, zein agentzia dugu, halako tresnak sartzen ditugunean eta prozesuaren zati bat automatizatzen dugunean? Berdin ikasleen kasuan, zein agentzia dute beren ikas-prozesuan, ChatGPT eta halakoak integratzen dituztenean?”. Gakoa da, Arroyoren hitzetan, zertarako integratu ditugun eta ea pertinentea al den. Izan ere, matematika ikasteko plataformak eta halakoak sartzen ditugularik, “gauza asko ari gara delegatzen, beti oso kontziente ez izan arren”. Eta horri gehitu dio maiz halako AA plataformak ikasgelan sartzerakoan txertatzen direla logika merkantilista produktibistak; “ez al genuke hezkuntzan logika horietatik alde egin behar?”.
Europako legea aipatu du Nerea Salcedok, 2024koa, zeinetan AAri lotuta arrisku handiko lau erabilera zerrendatzen dituen hezkuntzan: horietako bat da AA baliatzea ikaskuntzaren ebaluaziorako. Ezinbestekoa da, Salcedoren ustez, eskoletan klaustroak elkartzea eta AAren inguruan erabaki partekatuak adostea: zer erabili, zenbat eta zertarako, “zeren uneotan irakasleak oso modu ezberdinetan ari dira erabiltzen adimen artifiziala, eta kontrol pixka bat behar da”.
Kongresua topagune
Profesional ez gutxi elkartu dira Bilboko Euskalduna Jauregian, Hezkuntza Ebaluazioaren Nazioarteko I. Kongresuan. Plano teorikoan gogoeta egiteko abagune interesgarria izan arren, ikasgelan aplikatzeko tresna eskuragarri gehiago eskertuko zuketela komentatu digu pasilloetan galdekatu dugun irakasle hirukoteak: ebaluazio konpetentzialaren inguruko azterketa gehiago, eremuka aritzea nola ebaluatu erakusten duten erremintak…
Beste herri batetik etorritako irakasleak gauza interesgarri ugari landu direla nabarmendu digu, baina azaletik, kongresuaren formatuak berak ez baitu gehiago sakontzeko aukerarik ematen. Hori bai, batek baino gehiagok eskertu du hezkuntza komunitate osoko ordezkariak biltzen dituen halako topagune bat, elkarren berri izateko.
Gaiari lotuta: Laskorain ikastolako praktika ona jaso dugu honako loturan: Azterketa eta nota tradizionaletatik ihes egiten