Hizkuntza eskakizunen gaian akordioa lortu dute EAJk eta EH Bilduk. Hala, ostegunez, EH Bilduren abstentzioari esker, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran EAJren lege erreforma aurrera atera da. Bi alderdiek sinatu duten akordioaren arabera, lege esparru berri honek hiru urteko epean “egiturazko nahikotasunik” ez duela ondorioztatuz gero, proposamen berri bat garatuko dute, eta besteak beste, oinarritzat hartuko dira Kataluniako eta Galiziako ereduak.
EAJk eta EH Bilduk Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko proposamen bana aurkeztua zuten Legebiltzarrean, helburu zutela epaitegietan ematen ari diren sententzien aurrean segurtasun juridikoa lortzea eta euskara eskakizunak lanpostuetan bermatzea. EH Bilduren lege proposamena bertan behera gelditu zen, ez zuelako babesik jaso. EH Bilduk, abstentzioaren bidez, EAJren lege erreformaren tramitazioa ahalbidetu zuen. Orduz gero, bi alderdiak negoziazioetan aritu dira.
Ikusirik bi alderdien lege proposamenak desberdinak direla, akordioan jaso dute “lan-bide partekatu bat” martxan jarriko dutela eta bost konpromiso politiko hartu dituzte. Konpromiso horien arabera, lehenik, legebiltzarrean EH Bildu abstenitu egingo da, eta hala EAJren lege aldaketak egin ahal izango du aurrera. Bi alderdiek ulertzen dute, egoera honi “erantzuteko bide egokia eta teknikoki zuhurra” dela. Bigarrenik, lege aldaketa horrek ekarriko dituen ondorio juridikoaren eta eraginkortasunaren “jarraipen partekatua eta irizpide objektiboetan oinarritutako ebaluazioa” egingo dute. Hirugarrenik, hori egiteko kontraste-, jarraipen- eta ebaluaziorako jarraipen-batzorde bat sortuko dute. Laugarrenik, helburu nagusiak betetzeko egiturazko nahikotasunik ez duela ondorioztatzen baldin badute proposamen berri bat lantzeko azterketa abiaraziko dute. Bosgarrenik, proposamen berria lantzean hainbat puntu hartuko dituzte funts bezala: bi hizkuntza ofizial dituzten beste autonomia erkidegoetako ereduak (adibidez, Katalunia edo Galizia); EAEko esperientzia; marko juridiko eta instituzionala; euskararen normalizaziorako araudia; errealitate soziolinguistikoa; Konstituzio Auzitegiaren doktrina; jurisprudentziaren bilakaera; eta hizkuntza eskubideak indartzeko bestelako erreferentziak.
Ez bada eraginkorra, Katalunia eta Galizia ipar
Lege esparru berri honek “egiturazko nahikotasunik” ez duela ondorioztatzen baldin badute, proposamen berri bat garatuko dute, eta, besteak beste, oinarritzat hartuko dituzte Kataluniako eta Galiziako ereduak. EH Bilduk, bere lege proposamenean, EAJrenak ez bezala, oinarrizko printzipio moduan ezarri zuen ondorengoa: orain arte, gaztelania baino ez zen eskatzen lanpostu guztietan, orain bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, berdintasunean.
EH Bilduren proposamenak Katalunia eta Galiziako ordenamendu juridikoetan jasota dagoena hartzen du oinarritzat. Josu Aztiria legebiltzarkideak adierazia du ez dutela ezer asmatu eta “40 urteko abala” duela, baita Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko eta Europako Batasuneko sententzia ugariren babesa ere.
Egutegia eta ebaluazio irizpideak
Lege aldaketa berria eraginkorra izan den ala ez baloratzeko, gutxienez bi irizpide hartuko dituzte kontuan. Batetik, Auzitegi Konstituzionalak ebazteko dauka ea Euskal Enplegu Publikoan hizkuntza eskakizunen derrigortasunaz zehazten dena konstituzionala den ala ez. Ebazpen horren arabera, neurtuko dute ea oraingo lege erreformak herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen jarraitzen duen eta hizkuntza plangintzek segurtasun juridikoa izaten jarraitzen duten. Bestetik, euskara eskakizunen kontra jurisprudentzia "irmo, askotariko eta egiturazkoa" egotea begiratuko dute. Horren barruan hainbat elementu sartzen dira, besteak beste, epai irmo bat baino gehiagok egon beharko eta epai horiek administrazio publiko bati baino gehiagori eragin beharko diote.
Abian jarriko duten “lan-bide partekatua” hiru urtetan garatuko dute eta jarraipen batzordea lau hilabetean behin elkartuko da. Batzorde horrek hainbat helburu izango ditu, besteak beste, lege erreforma nola ari den ezartzen aztertzea, jurisprudentzia nolako bilakaera izaten ari den jarraitzea, Espainiako Konstituzio Auzitegiak emateko daukan ebazpenak izango dituen ondorioak aztertzea, eta erreformak herritarren hizkuntza eskubideen berme eraginkorrean aurrera egitea ahalbidetzen duen ala ez aztertzea.
Iñigo Urrutiak bi proposamenak baloratu zituen
EH Bilduk lege erreformarako irizpide orokortzat proposatua zuen lanpostu guztiei nahitaezko hizkuntza eskakizuna ezartzea. EAJk, berriz, derrigortasun indize orokorra kendu eta administrazio bakoitzari autonomia handiagoa ematea proposatu du. Azken txanpan, bi alderdiek egin dizkiete zuzenketak lege ekimen horiei. Iñigo Urrutia legelariak, Txillardegi Gogoeta Guneak eskatuta, bi proposamenak aztertu zituen 2024ko martxoan, bi alderdiek zuzenketak egin baino lehen. EAJren proposamenari dagokionez, Urrutiak zalantzak ditu proposamena gaur egungo ziurgabetasun juridikoa konpontzeko baliagarria izango den. Udalerrien gain “karga handiegia” jartzeko arriskua ere azpimarratu du. EH Bilduren lege ekimenari dagokionez, segurtasun juridikoaren ikuspegitik “proposamen sendoa” dela adierazi du Urrutiak. Bi lege erreforma proposamenak kontuan hartuta, legelariak uste du EH Bilduren proposamenak “aurreikusgarritasun handia” emango liokeela sistemari, arau nagusia legeak berak finkatzea proposatzen duelako, alegia, bi hizkuntzak jakitea.
Iñigo Urrutiak, bi alderdien proposamenak alderatzeaz gain, Txillardegi Gogoeta Guneak eskatuta, Enplegatu publikoen hizkuntza planifikazioan jauzia egiteko unea izeneko proposamena aurkeztu zuen 2024ko martxoan. Gogoeta Guneak bezala, Kontseiluak ere, legelariaren proposamenari babesa eman zion. EH Bilduk egin zuen lege proposamenak Urrutiarenean ditu oinarriak.