"Atzo [asteartean], elkarrizketa batean, EHUko errektoreari buruz galdetu zidatenean ez nintzen ondo azaldu eta gauzak ez diren moduan esan nituen", idatzi du Eusko Legebiltzarren EAJren bozeramaile den Joseba Diez Antxustegik sare sozialetan. "Hanka sartu nuen. Barkamena eskatu diot pribatuan; baina, zintzoak izateko, uste dut bidezkoa dela modu publikoan ere egitea". Bezperan, USaP-eko euskarazko azterketen harira, "gardentasunez" jokatzeko eskatu zion Antxustegik Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreari.
Cope irratian egin zituen adierazpenok Antxustegik. Euskarako nota baliogabe uztearen harira, epaileen erabakiak seko harritu dituela esan zuen EAJko bozeramaileak, eta nolabaiteko "ziurgabetasun juridikoa" sortu duela. "Zertan da esfortzuaren era arduraren kultura?", galdetu du: "Azterketan 5 bat atera duen pertsonari, zeinak ahalegin bat egin duen, nota jaitsiko zaio; eta, aldiz, 0 atera duenari ez zaio aintzat hartuko". Halaber, EHUko errektoreari gardentasunez jokatzeko eskatu zion, "ez baitakigu epaimahaia nortzuk osatzen duten eta zein kriteriorekin aukeratzen diren".
Antxustegiren adierazpenak entzunda, EHUko legebiltzarkide Ikoitz Arresek mezua plazaratu zuen sare sozialetan: "EAJren bozeramailearen adierazpen hauek larriak dira. Edo ez du USaP arautzen duen araudia ezagutzen, edo kontzienteki ari da gezurretan".
Euskarako noten afera, argitu baino, are gehiago nahastu dute hainbat adierazpen eta informaziok. EHUko errektoreak, adibidez, EiTBk plazaratutako informazio bati erantzun behar izan zion asteartean bertan: "Nik ez dut inoiz esan anonimotasuna apurtu denik. EiTBk ez du nire kortea bere osotasunean eman. Irudi faltsua zabaldu dute. Gaizki jasota zegoen berria".