argia.eus
INPRIMATU
EAJk milioi bat euro baino gehiago jasoko ditu hauteskundeengatik
  • EAJk soilik gaindituko du milioi bat euroko diru-laguntza publikoen langa, hauteskundeetan lortutako emaitzengatik. Gutxi gora behera 1.200.000 euro lortuko ditu EAEko ia 360.000 boto, 1.017 hautetsi eta 54 batzarkiderengatik; 2011n baino 100.000 euro inguru gehiago.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko maiatzaren 26a
2011n baino 100.000 euro inguru gehiago jasoko ditu EAJk. (Argazkia: eaj-pnv.eus).

EFE agentziak egindako kalkuluak dira horiek. Udaletxeen kasuan diru-laguntzak 270,9 euroan finkatu dira zinegotziko (lehen 276,86 euro) eta 0,54 euroan boto bakoitzeko. Diputazioetan batzarkideko ia 10.000 euro jasoko dituzte eta 0,54 euro botoko.

EH Bilduk EAEn lortutako zinegotzi, batzarkide eta bozengatik 900.700 euro baino zertxobait gehiago jasoko du, duela lau urte baino gutxiago. PSE-EEk ia 430.000 euro lortuko ditu eta PPk gutxi gora behera 300.000 euro, El Paisen arabera.

Podemosek 280.000 euro inguru jasoko ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lortutako emaitzengatik. Batzar nagusietarako kanpainarako aurkeztu zuen aurrekontua 65.000 eurokoa zen.

Alderdi eta koalizioek EFEri helarazitako informazioaren arabera, EAJk eta EH Bilduk milioi eta erdiko aurrekontua izan dute hauteskundeetarako. Sozialistek eta popularrek 600.000 euroko aurrekontua zuten EAEn.