Alderdi jeltzaleak Juan Mari Aburto baztertzea erabaki du, 2027ko maiatzeko udal hauteskundeei begira "lidergo berri bat" bilatzeko. Hidalgok 33 urte ditu.
EAJk Mikel Hidalgo Bordegarai proposatu du Bilboko alkategai izateko. 2015etik karguan dagoen Juan Mari Aburto 2027ko udal-hauteskundeetan Bilboko alkatetzarako hautagai izanen ez dela jakinarazi eta bi egunetara eman dute haren ordezkoaren berri. Bizkai Buru Batzarrak eta hiriburuko udal erakunde artekoak proposatu dute Hidalgoren izena, Bilboko Uri Batzarrak astelehen honetan egindako bileran. Orain oinarriek berretsi beharko dute haren izendapena.
Proposamena Udal Batzarrei helaraziko zaie, eta oinarriek bertze hautagai batzuk proposatu, eztabaidatu eta bozkatu ahal izanen dituzte, behin betiko bozketa egin aitzinetik. Prozesuak hilabete iraunen duela aurreikusten da.
2027ko maiatzerako udal-hauteskundeei begira, EAJk adierazi du Bilbon "lidergo berri bat" bilatzen duela, eta 33 urteko Hidalgorekin belaunaldi errelebo bat irudikatu nahi du. Erabaki hori EAJren belaunaldi aldaketa prozesuaren parte da, eta duela hilabete batzuk hasi zuen kargudunak berritzeko prozesua, Donostian.
Eneko Goia Donostiako alkateak dimisioa eman zuen, eta 36 urteko Jon Insaustik hartu zuen haren kargua. Insausti zinegotzi eta gobernuko kide zen; Hildago, ordea, ezezaguna da anitzentzat. Nolanahi ere, EAJk Bilbon historikoki izan duen nagusitasunari eustea izanen du xede.
1993an jaioa, Mikel Hidalgo EAJko afiliatua da 2011tik, eta EAJren Bizkaiko Exekutibako kide ere bai. Euskalduna da, Bilbon bizi da, eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradua lortu zuen Deustuko Unibertsitatean.
Pricewaterhouse Coopers enpresan hasi zuen ibilbide profesionala, finantza auditore gisa. Andoni Ortuzar enpresa horretatik fitxatu zuen, EBBko presidentetza utzi ostean. Seed Capitalen ere jardun zuen, inbertsioen eta kudeaketa zorroen analista gisa.
2022tik, ordea, Eusko Jaurlaritzari lotuta dago. Lehendakaritzan egin du lan aholkulari gisa, Iñigo Urkullurekin lehenik eta Imanol Pradalesekin orain. Nazio Batuen 2030 Agenda aplikatzearen arduradunetako bat da, hain zuzen.
Nazio Batuei lotuta dagoen 2030 Tokiko Koalizioaren Idazkaritzaren bulegoa Bilbon jartzeko prozesuan parte hartu zuen Hidalgok. Idazkaritza hori Nazio Batuek Euskal Herrian ezarritako lehen bulegoa da, eta Garapen Jasangarriko Helburuen tokiko aplikazioa mundu mailan koordinatzeaz arduratzen da.
NBEk New Yorken duen High Level Political Forumean ere parte hartu du, garapen jasangarriaren euskal eredua eta 2030 Agenda Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan nola aplikatzen ari den defendatzeko. Era berean, Eusko Jaurlaritza ordezkatu du 2030 Agendaren nazioarteko topaketetan, Estatu Batuetan, Egipton edota Brasilen.
Horrez gain, Bilbao 2040 hausnarketa prozesuaren arduraduna izan da. Prozesu horretan, hiriburuko politika, gizarte, kultura, kirol eta ekonomia arloei lotutako hainbat adituk parte hartu dute.