EAJk eskumenak eskatzeko baliatu du Alderdi Eguna: "Pazientzia amaitzen ari da"

  • Urkulluk esan du Gernikako estatutua osorik betetzea zor diola Espainiako Gobernuak "Euskadiri", eta Ortuzarrek berretsi du eskaera, Sanchezi zuzenduz: "Pazientzia amaitzen ari da, eskumenak nahi ditugu, berehala".


2018ko urriaren 01an - 09:32
Urkullu hitzaldia ematen Alderdi Egunean. (Arg.: @portuondoJavi)

Forondan (Gasteiz), ikurrinez blai, indar erakustaldia egin du EAJk, beste behin. Urtero bezala, alderdi eguna ospatu dute jeltzaleek han, eta milaka lagun elkartu dira egun osoko festan. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariaren eta Andoni Ortuzak EBBko buruaren hitzaldiak izan dira ekitaldi nagusian.

Autogobernu gehiago behar dela esan dute biek, orain arteko bideari eutsiz. Autogobernu lantandea bidea egiten ari dela goretsi arren, Legebiltzarrean egin zuen bezala, orain, lehentasuna, Gernikako Estatutua osorik betetzea dela azpimarratu du Urkulluk. Zentzu berean mintzatu da Ortuzar ere. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari zuzendu zaio, eta eskatu dio hitzetatik ekintzetara jauzi egiteko, eta emateko Jaurlaritzari dagozkion eskumenak.

Ez du lotura zuzenik egin eskumenekin, baina, alderdikieei ohartarazi die, litekeena dela urte politiko honetan Espainiako bozak ere egitea, eta beraz, prest egoteko eskatu die alderdikideei: "Guk ez diegu beldurrik hauteskundeei".

Hortik aurrera, EH Bildurekin estatutu berrirako adostutako oinarrien inguruan beste alderdiekin ere akordioa behar dela ohartarazi du Ortuzarrek. Legebiltzarrak adosten duena gero Espainiako Gobernuarekin ere itundu beharko dela nabarmendu du, eta horregatik, akordioak orain dena baino zabalagoa izan behar duela uste du.

Etorkizunera begira, "subirautza elkarbanatuak" izango dituen "mugarik gabeko Europa" baten alde egin du Urkulluk. Horretarako nazioartearen aitortza behar dela dio, eta aitortza hori egiteko "ekarpenak" egitea da modurik onena, bere ustez. Nazioartean ahots propioa izateko, "Euskadi- Basque Country" ezagutzera eman behar da, bere ustez.

Guzti horretarako, erreminta bat dauka Urkulluk: "ekintzak eraikitzeko ahalegin etengabea". Hala egiten da nazioa, bere ustez, ekintzaz ekintza, "ilargira begira" egon gabe, "hankak lurrean eta begirada munduan". Horregatik, Jaurlaritzak egindako lana goretsi du: "gure autogobernua indartsuagoa da gaur; hazten ari gara eta enplegua sortzen; gizarte politikak bermatuta daude..."

Ekitaldian gogoan izan dituzte preso eta erbestean dauden politikari katalanak. Haientzat askatasuna eskatu dute, eta hango gatazka konpontzeko elkarrizketarako deia egin du, beste behin, Urkulluk.

Albiste hau Berria egunkarian argitaratu da eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude