Aitor Esteban EAJren Euskadi Buru Batzarreko presidenteak estatutuaren berrikuntzan negoziaketak aurrera doazela publikoki adieraztea ez zaio gustatu PSE-EEri eta Esteban barregarri irudikatu dute sozialistek sare sozialetan, adimen artifizialarekin sortutako irudi batekin. EAJk haserre erantzun du: ez da joango Antonio Hernando Espainiako gobernukidearekin asteazken honetan zuen bilerara.
Estatutua berritzeko EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren negoziaketetan aurrera egin dutela eta paper eta gai berriak aztertzen ari direla esan du Estebanek Euskadi Irratian. X sare sozialean erantzun du PSE-EEk. Adimen artifizialak sortutako irudian Aitor Esteban igerilekura salto egiten ageri da, jantzita, eta honako testua darama txioak, gaztelaniaz: “Hara! Orain ura dago Estatutu berriaren igerilekuan… dio EAJk. Aitor Estebanen baikortasuna ospatu beharko da, baina kasualitatea da gero, bere alderdiarentzat zaila den une batean izatea, EH Bilduren lorratza jarraitzea erabaki duenean, oposizioetan euskararen exijentzia handitu nahi duenean eta duela bi urte sozialistekin landutako kontsentsuak alboratu nahi dituenean”.
Beste txio batekin erantzun du EAJk, hau ere gaztelaniaz: “Tamaina honetako errespetu falta justifikaezina da. Lotsagarria da. Aitor Estebanek Monclorekin duen bilera bertan behera geratzen da”. Gatazka honen ondorioz, publikoa ez zen bilera hori haizatu du EAJk: Espainiako Gobernuko Telekomunikazioko estatu idazkari Antonio Hernandorekin biltzekoa zen EBBko presidentea, eta Estatutua berritzea zen gaietako bat. Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia ere parte hartzekoa zen.
Hizkuntza eskakizunek urrunduta
Estatutuaz gain, PSE-EEk bere txioan hizkuntza eskakizunak aipatu izanak ere agerian utzi du gaiak koalizioan sortu duen gatazka. Hain justu, Estebanek Euskadi Irratian emandako elkarrizketan iragarri du administrazioari lotutako hizkuntza eskakizunen legea aldatzeko proposamen bideragarri bat negoziatuko duela "azken minutura arte". Aurrez, argi utzi zuen Eneko Anduezak: "ia ezinezko” ikusten du EAJrekin gai honen inguruko akordioa lortzea, eta aldi berean, EH Bildurekin ere negoziatzeko prest dagoela adierazi du EAJk. Ez da giro, beraz, koalizioko alderdien artean.
EAJk eta EH Bilduk legebiltzarrean aurkeztu dituzten hizkuntza eskakizunen gaineko lege proposamenak xehe azaldu ditugu ARGIAn.