Sabin Etxeak ohar bidez jakinarazi duenez, Espainiako Gobernuak proposatutako bi dekretuetako bat bakarrik babestuko du EAJk. Horrek esan nahi du EAJ, PP eta Voxen aurkako botoekin, ez dela aurrera aterako "dekreturik anbiziotsuena".
"Euskal Taldeak aldeko botoa emango dio Etxebizitzaren funtzio soziala babesteko premiazko neurriei buruzko Lege Dekretuari eta etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzeari, ostiral honetan eztabaidatuko dena Kongresuan. Aldiz, kontratuak automatikoki berritzeari buruzko bigarren dekretuaren aurka bozkatuko du". Hala adierazi du Sabin Etxeak ohar bidez.
Alderdi jeltzaleak "gabezia handiak" ikusi ditu dekretuen testuetan, eta, salatu duenez, "Espainiako Gobernuak ezin du bi egunetan konpondu zortzi urtetan konpondu ez duena". Hala ere, baiezkoa emango diote lehenari, "pertsonarik zaurgarrienak babestu eta jabe txikien egoera hobetzen dituelako".
Bigarren dekretuari ezezkoa emango diote, besteak beste alokairuen berritze automatikoa jasotzen zuenari. EAJk uste du neurri hori berritzea "kaltegarria" litzatekeela. "Are gehiago, gure ustez, Espainiako Gobernuaren proposamen hori eraso bat da jabe txikiarentzat, eta alokairuko etxebizitzen eskaintza murriztuko luke merkatuan".