Iazko datuarekin alderatua, %7 hazi da tratu txarrak salatu dituzten emakumeen kopurua. Familiaren barnean indarkeria sufritu duten emakumeen kopurua ere hazi egin da, eta sexu askatasunaren aurkako delituekin lotutako 363 salaketa jaso dira.
2.187 emakume. Hori da 2026ko lehen sei hilabeteetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bikotekidearengandik edo bikotekide ohiarengandik indarkeria jasan dutela salatu duten emakume kopurua. Iazko kopuruarekin alderatuta %7 igo da. Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak bildutako datuak dira. Europa Press berri agentziak jaso du berria, Emakunderen txostenaren datuetara sarbidea eduki ostean.
Erakundearen datuen arabera, hiru probintzien artean, Gipuzkoan hazi da gehien salaketa kopurua (%10): iaz 362 salaketa jaso ziren eta aurten, aldiz, 398. Bizkaian ere hazi egin da (%7,2): 1.028tik 1.102ra igo dira salaketak. Araba da hurrena (%5): pasa den urtean data horietan 654 emakumek salatu zituzten tratu txarrak, eta aurten, aldiz, 687 emakumek.
Beste indarkeria mota batzuk
Era berean, hazi egin da familiaren barruan tratu txarrak jasan dituzten emakumeen kopurua (%12,5). 2025ean, urtarrila eta ekaina bitarte, 550 emakumek salatu zuten familian indarkeria sufritu zutela; 2026an, aldiz, 619k. Araban hazi da gehien datu hori (%20): aurten 102 emakumek salatu dute, iaz baino 17 gehiagok.
Bestalde, azken sei hilabeteetan jaitsi egin dira sexu askatasunaren aurkako delituekin loturiko salaketak. Aurten 363 salaketa jaso dira, horietatik 133 Gipuzkoan. Hain justu, datu orokorra jaitsi bada ere, Gipuzkoan hazi egin da, iazkoarekin konparatuta (%10,8). Beste bi probintzietan jaitsi egin da kopurua. Bizkaian, adibidez, iaz 210 kasuren atzeman zituzten, eta aurten, berriz, 187.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak batuta, 2026ko lehen sei hilabeteetan guztira 3.169 emakumek jasan dute aipatutako hiru indarkerietako bat, iaz baino %6,6 gehiago.