argia.eus
INPRIMATU
EAEko udaltzainen lan-poltsako euskara eskakizunen aurka epaitegietara jo du CCOOk
  • Errekurtsoa jarri du sindikatuak, udaltzainei B2 maila eskatzeagatik. B2 maila eskatzea “euskara ez dakitenak”, “jakin arren ziurtatu ezin dutenak” eta “belarriprest jakintzak” dituztenak “baztertzen” ditu, sindikatuaren esanetan. ELA eta LAB sindikatuen "presio bazteertzaileari amore" ematea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari. Administrazioak herritar guztien eskubideak bermatu behar dituela adierazi du Euskalgintzaren Kontseiluak.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 25a
"Euskaraz dakiten" udaltzainak identifikatzeko kanpaina abiatu zuen Gasteizko Udalak martxoan. Argazkia: GGasteizko Udala.

Udaltzain interinoen azken lan-poltsaren hizkuntz eskakizunak 86/1997 Dekretuaren “filosofiaren aurka” doazela salatu du CCOOk, dekretuak hizkuntza eskakizunak “tokiz toki egokitzea” eskatzen duela argudiatuta, eta aurkako auzi-errekurtsoa aurkeztu du epaitegietan. Sindikatuaren ustez, lan-poltsaren hizkuntz eskakizunek “baztertu” egiten dituzte, batetik, “euskara ez dakitenak”, bestetik, “jakin arren ziurtatu ezin dutenak (euskaldun agrafoak)”, eta, hirugarrenik, “belarriprest jakintzak” dituztenak.

Eusko Jaurlaritzaren aurka egin du sindikatuak, “bere hizkuntza araudia ez betetzeagatik”. Bere iritzian Jaurlaritzak “amore” eman du “ELAk eta LABek behin eta berriz egindako presio baztertzaileen aurrean”.

Eskubideak eta judizializazioa

Euskalgintzaren Kontseiluak eskubideen errepetuarekin lotu ditu CCOOk salatutako hizkuntz eskakizunak: “Administrazioan herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatuko dituzten langileak behar dira. Are gehiago, oinarrizko beste eskubide batzuk ere urratu daitezkeenean”. Bestetik, kezka adierazi du azkenaldian euskarari loturiko gaiak judizializatzeko joeraren aurrean, “auzitegiak hartzen dabiltzan bide atzerakoia kontuan izanik”.