El Diario Vasco egunkariak argitaratu duenez, irailaren 23an hasita, zenbait udaletako udaltzainak ikastaroak ari dira egiten Intxaurrondoko kuartelean, Donostian. Hedabideak adierazi duenez, "zenbait iturriren arabera, Intxaurrondoko Guardia Zibila indar berezi bat egiten ari da beste Polizia erakundeekin harremanak normalizatzeko". EAJk Tolosako eta Andoaingo alkateen (biak EH Bildukoak) dimisioa eskatu du eta salatu du Guardia Zibila eta Intxaurrondo lehenetsi dituztela Ertzaintza eta Arkautiren aurretik.
Eusko Jaurlaritzako Arkauti akademian egin ohi dituzte praktikak udaltzainek, baina badira beren kabuz formakuntzak hautatu eta egiten dituztenak ere. Batez ere tiro-praktikak egin dituzte agenteek, eta hedabide beraren arabera, lan-orduetan, uniformez eta laneko kotxearekin joanda. Ikastaro horietarik lehena pasa den irailaren 16an egin da, taser-pistolen erabilera lantzeko. Bigarren formazioa tiro-ariketen ingurukoa da, eta klaseak irailaren 23, urriaren 13, azaroaren 17 eta abenduaren 15erako aurreikusiak izan dira. Hirugarren blokea armen eta esplosiboen ingurukoa da, eta irailaren 30ean iragan da.
Hedabideak jaso duenez, aurtengo uda baino lehen sartu zen Intxaurrondoko kuartela zenbait Udaltzaingorekin harremanetan. El Diario Vasco-k azaldu du “iturri batzuen” bidez jakin duenez, Intxaurrondoko Guardia Zibila indar berezi bat egiten ari da beste Polizia erakundeekin trukeak egiteko eta harremanak normalizatzeko. Hori dela eta, ekainaren 15ean elkar-truke saio bat antolatu zuten, geroagoko klaseen antolaketa zehazteko balio izan zuena. Abuztuan bidali zien kuartelak Udaltzaingo batzuei mezua izenburu honekin: "Lekuko Polizientzat formazio proposamena". Hedabideak dio Andoaingo Udalak bere agenteen parte-hartzea baieztatu duela, agenteek berek "erabakitzen" dutelako zein formazio segitu. Tolosako Udalaren erantzunik ez du jaso hedabideak.
EAJk Andoaingo eta Tolosako alkateen dimisioa eskatu du
Berria egunkariak jaso duenez, EAJk aipatutako bi udalek udaltzainak Intxaurrondora bidali izana salatu du. Gipuzkoako Buru Batzarrak adierazi duenez, Arkautin beharrean prestakuntza lanak Intxaurrondon egiteak “gutxienez hiru inplikazio” ditu: Ertzaintza nahita baztertzea, eta hala “Euskadiko funtsezko erakunde baten balio historikoa gutxiestea”; udaltzainak Intxaurrondora bidalita “Euskadin Guardia Zibilarentzako eskumenak zabaltzea”; eta hirugarrenik, “Euskal Poliziaren eredua ahultzea”.
Berria-k jakinarazi duenez, Andoaingo eta Tolosako udalekin harremanetan jartzen saiatu da eta ez du lortu. EH Bilduk, berriz, oraingoz gaiari ez diola helduko erantzun dio.