Ostiralean lanaldia geldiarazteko deia egin dute Teknikariok, ESK, LAB, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek, bi urte baino gehiago lehenengo hitzarmenaren negoziazioan aurrerapausorik eman gabe egon ondoren. Kontzentrazioak deitu dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen.
Datorren ostiralean, maiatzaren 15ean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikuskizun eta ekitaldien sektoreak lehen aldiz greba egingo du, Teknikariok, ESK, LAB, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek deituta. Sindikatu horiek dira, hain zuzen EAEko ikus-entzunezkoen eta ekitaldien lehenengo hitzarmen kolektiboaren negoziazio mahaiko kideak. Prozesu hori 2024an hasi bazuten ere, sektoreko langileek oraindik ez dute hitzarmenik; izan ere, EUKI patronalarekin negoziazioek bi urte daramatzate ez aurrera ez atzera, sindikatuen arabera, patronalaren “immobilismoa dela-eta”. Elkarrizketak desblokeatzeko asmoz 600 langile baino gehiagok etengo dute euren lan jarduna. Gainera, egiturazko prekarietatea salatu, eta sektorearentzat lehen hitzarmen kolektibo duina eskatzen dute. Sindikatuek ohartarazi dute: maiatzaren 15a da lehen data, baina ez da azkena izango.
Prentsaurreko bidez aurkeztu dute greba Bilboko Euskalduna jauregi parean. Bertan, sektoreak bizi duen diagnostikoa egin dute. Diotenez, beraiek dira Euskal Herri osoan kontzertuak, jaialdiak eta era guztietako ekitaldiak itzalpetik sostengatzen dituzten profesionalak, baina beren lan-eskubideek urteak daramatzate inolako babes juridikorik gabe. Horrek "prekarietatea eta lan-eskubide oinarrizkoenen urraketak” izatea eragin du. Besteak beste, Langileen Estatutuan jasotzen diren eta "lanbide gehienetan ziurrak” diren eskubideak ez dira babesten. Salatu dutenez, patronalak eskubide horiek zapaltzen ditu euren jardueraren ezaugarri den "aldizkakotasunaren aitzakian".
Ez da langileen lehen abisua. Duela bi hilabete adierazi zuten blokeo egoerak jarraitu bitartean ez zutela lan gehiegikeriarik erantzunik gabe utziko. Gainera, oinarrizko lan-eskubideak urratzen dituzten enpresen aurka Lan Ikuskaritzan jarritako hainbat salaketaren berri eman zuten. Hala eta guztiz ere, EUKIk ez dio negoziazioari berriro ekin nahi izan.
Ostiralean aisialdirik ez
Lanuzteaz gain, kontzentrazioak deitu dituzte sindikatuek ostiralean. Bilbon, goizeko 11:30ean Arriaga antzoki parean; ondoren, arratsaldean, 18:00etan, Gasteizko Mendizabalan, Batbatean festibalean; 18:30ean Leioako Umore Azokan kalejira eta elkarretaratzeak egingo dituzte eszenatokietan zehar; eta 19:00etan Donostiako Victoria Eugenia Antzokiaren aurrean. Horrez gain, egunean zehar, antolatuta dauden ikuskizun eta ekitaldi nagusietan piketeak egongo dira langileak sartzerakoan.
Gainera, protesten deialdia ekitaldien publiko zabalari luzatu diote. Alde batetik, egunean zehar programatutako ekitaldietara ez joateko deia egin diete babesa adierazi nahi dutenei, eta bestetik, "eragozpenak ulertzeko" eskatu dute. Ozen amaitu dute prentsaurrekoa: “Hitzarmenik gabe gremioa geldituko dugu. 15M greba”.