EAEko gazteek irakasleengandik jasotzen duten laguntzan ere balorazio oso txarra utzi du PISAk

  • PISA azterketak 15-16 urteko ikasleei egiten dien galdetegian, irakasleen akonpainamenduari buruz galdetzen diete. Azken PISAn ikasleek esandakoaren arabera, EAEkoak dira Espainiako Estatuan irakasleengandik babes eta laguntza gutxien jasotzen dutenak, eta gainerako herrialdekoekin alderatuta ere, batez bestetik behera dago EAE. Iritzia eskatu diogu Iñigo Martinez irakasleari.

Freepik

2026ko irailaren 30ean - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Esanguratsua da: inplikazioari eta laguntzari dagokionean, Espainiako Estatuan haien irakasleak okerren baloratu dituztenak EAEko ikasleak dira. Nafarroa ez dago askoz gorago, eta parte hartu duten herrialdeen batez bestekotik behera kokatzen da baita ere. Galdetegi horretan, ikasleek erantzun behar dute “klase ia guztietan”, “batzuetan” edo “inoiz edo ia inoiz” formatuan, bost puntu nagusiren inguruan: irakasleak ikasle bakoitzaren ikasketarekiko interesa erakusten du; irakasleak azalpenak ematen jarraitzen du ikasleek ulertzen duten arte; irakasleak laguntza estra ematen du, ikasleek behar dutenean; irakasleak ikasleei laguntzen die euren ikasketa-prozesuan; eta irakasleek aukera ematen diete ikasleei, euren iritzia eman dezaten.

Euskal hezkuntza sistema osoaren lagin txiki bat baino ez da 2025ean PISA azterketa egin duena, baina kolpean dator gogoeta: zenbat ikaslek sentitzen du akonpainamendu falta hori, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaierako etapetan? Zerk oztopatzen du laguntza hori? Autonomia gehiago eskatzen zaie ikasleei, 15-16 urte dituztela kontuan hartuta? Ratioak eta ikasgeletako konplexutasun eta aniztasunari erantzuteko zailtasuna dago tartean? Curriculum zabal eta exigenteak dira arazoa, dena eman ahal izateko erritmo jakin bati erantzun beharra?

"Balorazio hori nolabaiteko protesta da: ‘Ez gara zenbaki hutsak’, eta bide horretan gutxieneko batzuk bermatu beharko genituzke,  denek beren tokia izan eta senti dezaten ikasgelan"

Iñigo Martinez Batxilerreko irakaslearengana jo du ARGIAk. Oro har, irakasle gisa, bestelako panorama ikusten du berak, inor atzean geldi ez dadin kezkatuta dauden klaustroak, “besterik ez bada zintzilik geratu den horrek klasea apurtuko duelako eta okerragoa izango delako”. Irakasleak testatu behar du nor ari den haria jarraitzen eta nor galdu den, arte bat da hori, dio, eskola ez baitira klase partikularrak, eta talde batzuetan “masa sentsazioa” ere gailendu daiteke: “35 ikasleko ikasgelan, batzuetan zaila da ikasleengana banan-banan hurbiltzea”. Bateragarriak ez diren bi mezu nagusitu ohi direla nabarmendu du irakasleak: “Batetik, denak batera joateko beharra, klase guztiak bat eginik aurrera, inor atzean geratu gabe, baina bestetik, jenialtasunaren ideia eta ikasleen potentzial guztia ateratzeko nahia ere oso presente daude”. Hezkuntzaren alderdi formal, protokolario eta burokratikoak ere ez du laguntzen horren guztiaren atzean dagoenari, ikasleari, arreta jartzen, iritzi dio.

Arratsaldez, ikastetxeek ikasleentzat eskaintzen dituzten errefortzu orduak aukera interesgarria direla nabarmendu du, behar duenak edo ikasgairen batean galduta dabilenak talde txikian haria berreskuratzeko aukera izan dezan.

Kontuak kontu, “interpretatzen dut balorazio hori ikasleengandik datorren nolabaiteko protesta dela: ‘Ez gara zenbaki hutsak’, eta bide horretan gutxieneko batzuk bermatu beharko genituzke, hain justu denek beren tokia izan eta senti dezaten ikasgelan". Adibidea jarri digu: "Sartu eta irteterakoan ikasleak banan-banan agurtzeak berak, bere xumetasunean, giroa osasuntsuago egiten du eta ikasleei adierazten die hain justu ez direla zenbaki hutsak irakaslearentzat”.

Datu gehiago ere utzi ditu PISAk ikasleei egindako galdetegiak. Hala nola EAEko ikasleak direla Espainiako Estatuan gauza berriak ikasteko gogo eta jakin-min gutxien dutenak, eta klase orduak gehien eteten dituzten gazteen artean daudela.


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Irakasleak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.