“Ez dut ulertzen, idatzi espainolez”: Jaurlaritzaren eskumeneko espetxeetan hizkuntza eskubideak urratzen dira

  • Irailaren 3an argitaratutako 379 lanpostuko lan deialdian, euskara menperatzea merezimendu gisa agertzen dela salatu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, eta ez nahitaezko baldintza gisa. Bi presok salatu dituzten urraketak ere eman ditu argitara. Euskaldunen eskubideak berma daitezen "berehalako neurriak" eskatu dizkio Jaurlaritzari.


2026ko irailaren 17an - 09:41
Azken eguneraketa: 13:38
Zubietako (Gipuzkoa) espetxeko preso batek aurkeztutako eskaera, eta boligrafo gorriz idatzita espetxeko langilearen erantzuna:"Disculpe, pero no entiendo lo que está solicitando, haga el favor de ponerlo en español" ("Barkatu, baina ez dut ulertzen zer eskatzen ari zaren. Jarri espainolez, faborez"). Behatokia
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Eusko Jaurlaritzak 2021eko urrian eskuratu zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kartzelak kudeatzeko eskumena. Horrekin batera, Justizia eta Giza Eskubideen Sailak bi helburu nabarmendu zituen: giza baliabideak eta baliabide materialak kudeatzeko eredu propioa izatea eta presoen birgizarteratzea "ikuspegi pertsonalizatu eta errestauratibo batetik" lantzea, Behatokiak azpimarratu duenez. Errealitatea, ordea, bestelakoa dela salatu du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak.

EAEko espetxeen kudeaketa eskuratzearekin batera, Jaurlaritzak bere gain hartu zituen transferentziaren aurretik espetxean lan egiten zuten Espainiako Estatuko ia 700 langile. Euskara eskakizunak ezartzeko "espetxeetako lanpostu batzuei 2027ko abenduko derrigortasun data jarri zaien arren (transferentzia baino lehen zeuden langileak estatuan zuten izaera berarekin subrogatu baitziren), neurriak mantsoegi doaz eta ez dira nahikoak", salatu du Behatokiak. Gogoratu du ere 2022an Jaurlaritzak sindikatuekin sinatutako akordioan sortu ziren lanpostu berrietan aritzeko euskara menperatzea "merezimendu gisa" aitortzen dela, ez nahitaezko baldintza gisa: "Horrek guztiak azken urteetan espetxeetan dauden pertsonen hizkuntza eskubideak urratzea eta euskara erabiltzeko zailtasunak ekarri ditu".

Behatokiak "berehalako neurri irmoak eta beharrezko baliabideak" eskatu dizkio Jaurlaritzari, euskararen normalizazioa berma dadin.

Adibideak

Hizkuntza eskubideen urraketen harira, Behatokiak espetxeetan gertatutako bi gertakari ipini ditu adibide gisa. Batetik, preso batek 2026an idatzitako eskaera, beste espetxe batetik Zubietako espetxera lekualdatzean atxiki zizkioten gauzak eskatzeko. Erantzuna eman zion espetxeko langileak boligrafo gorriz idatzi zion eskaeran bertan: "Disculpe, pero no entiendo lo que está solicitando, haga el favor de ponerlo en español" ("Barkatu, baina ez dut ulertzen zer eskatzen ari zaren. Jarri espainolez, faborez").

Zubietako espetxeko preso batek idatzitako eskaera, hango langile batek gaztelaniaz idazteko eskatu ziona. Hizkuntz Eskubideen Behatokia

Bigarren adibidea 2023koa da, preso baten salaketan oinarritutakoa. EAEko espetxe bateko –ez du zehazten zein– bulego nagusiko langile batekin euskaraz mintzatzeko ohitura zuen presoak, baina, bere kontakizunaren arabera, egun batean beste langile batek "modu autoritarioan" gaztelaniaz aritzeko agindu zion. Geroztik, langile euskalduna gaztelaniaz zuzendu zitzaion presoari, eta bulego horretako nagusiak "argi" azaldu zion "espetxeak gaztelaniaren alde egiten duen apustua". Gaztelaniaz mintzatzeko "aitzakia merke bat" ipini zion, presoaren esanetan: "Euskaraz arituz gero eta zerbaitetan oker eginez gero, besteak ez zirela horretaz ohartuko, eta horrek ezinezko egingo zuela gu zuzentzea".


Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.