argia.eus
INPRIMATU
EAEko erakundeen lankidetzarako eta garapenerako aurrekontuak %0,7ra ez direla iristen salatu dute
  • "2018rako aurrekontuek argi erakusten dute, beste behin, %0,7 historikora iristeko zeinen borondate gutxi duten" erakundeek, EAEko Garapenerako GKEen Koordinakundeak salatu duenez.

ARGIA @argia 2017ko azaroaren 30a
Lankidetza eta garapenerako laguntzen murrizketa salatzeko moblizazio baten artxiboko irudia (argazkia: Euskadiko GGKEen Koordinakundea).

Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak aztertu ditu euskal erakunde publiko nagusiek 2018ko aurrekontuetarako proposamenetan lankidetzarako dituzten partidak eta honakoa adierazi du: "Ia euskal erakunde publiko guztietan erabatekoa da beren hitzak ekintza bihurtzeko borondate politikorik eza".

Diotenez, "salbuespenak salbuespen, aurrekontuetan egiten den ahalegina urria baino urriagoa da. Erakundeek eta alderdiek erantzukizunak eta konpromisoak izan behar dituzte pertsonekin, haien eskubideekin eta haien ongizatearekin, eta horiexek izan behar dute beren lanaren ardatz”.

Eusko Jaurlaritzaren diru-kutxa %3,9 handitu bada ere iaz aurkeztutako aurrekontuarekin alderatuz, GKEen Koordinakundeak salatu du lankidetzarako partida txikitu egin dela, %0,39 baino ez izateraino: duela hamarkada bateko ehunekoa da gutxi gorabehera. “Gobernuak pertsonako inbertitzen dituen 5.470 eurotatik 21 euro baizik ez dira lankidetzarako”, adierazi du elkarteak.

Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien kasuak ere aipatu dituzte, baita Bilboko eta Donostiako udaletakoak ere. Azpimarratu dutenez, lankidetzarako jartzen diren ehunekoak lehengo berean izoztuta daude instituzio horietan eta ez dirudi aurrekontuak handitzeko asmorik dagoenik, nahiz eta aurrekontuen %0,7 garapenerako lankidetzarako jartzeko konpromisoa aspaldi hartu zen Nazio Batuetan.

Arabako Aldundiarena da EAEko kasurik larriena, oso ehuneko baxuan jarraitzen duela nabarmendu baitute. Aztertutako erakundeen artean ehuneko txikiena du.

Kontrara, Gasteizko Udalak jarraitzen du konpromisoa betetzen eta GKEen Koordinakundearen arabera, horrek erakusten du "borondate politikoa izanez gero erronka hori posible eta lorgarria dela".

Erakunde horietatik gehienek gutxi-asko diru gehiago jarriko dute guztira lankidetzarako (Gipuzkoako Foru Aldundiak, adibidez), baina gehikuntza hori ez da ia batere islatu lankidetzarako ehunekoan, erakundearen guztizko aurrekontuak ere handitu egin baitira. “Horregatik, erakunde batek lankidetzarekiko egiaz zenbateko ahalegina egin duen baloratzeko, egokiagoa da ehunekoak aztertzea, eta ez zenbateko absolutuak, argazki egiazkoagoa erakusten digute eta”, azaldu dute.