Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako enpresen eta Israelen arteko negozioak 53 milioi gehiagotan handitu dira, iaztik aurtengo uztailera arte. 2022an estatu sionistak 200 milioi inguru gastatu zituen EAEko enpresetako produktuetan. Palestinako lurretan eraikitako kolonien harira negozio itzela egiten ari den CAF da horren buru. Hala, EAEko 20 erosle nagusietakoa bilakatu da Israel.
Euskal enpresek ia 200 milioi euroko produktuak saldu zizkioten Israeli 2022an, Australia edo Kanadaren mailan, Adrian Legasak Cronica Vasca atarian azpimarratu duenez. Eustatek uztailera arte landutako datuen arabera, zifra hori handituz doa aurtengo lehen erdian: iazko aldi horretan baino 53 milioi gehiago, %52 gehiago.
2023an 300 milioi inguruko negozio-bolumena aurreikusi dute, baina ikusteke dago palestinarren aurkako sarraskiak nola eragingo duen horretan. Zifrek ildo beretik jarraituko balute, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan egindako produktu gehien erosten dituzten 20 herrialdeetako bat litzateke Israel, Brasilen maila antzekoan, baina Alemania, Frantziako Estatua, AEBak, Erresuma Batua edo Italiatik urrun, uztailean 1.000 milioi baino gehiago gastatu zuen euskal enpresen produktuetan. Aldiz, 2022an Zisjordaniarako eta Gazarako salmentak bi milioi euro pasatxokoak izan ziren EAEn.
2020ko "Nazioartekotze Estrategia" txostenean adierazi zutenez, "Ekialde Hurbilean, Israel lehentasunezko bazkidea da ikasteko" Eusko Jaurlaritzarentzat.
Okupazioaren pagotxa
Israelgo apartheidarekin negozioak egiten dituzten enpresak askotarikoak badira ere, aurtengo igoeraren arrazoia Israelek okupatutako lurretan Beasaingo CAFek ezarri duen negozioa da. Uztailera arte EAEko enpresek Israeli egindako salmentetan lortutako 155 milioien erdia baino gehiago CAFi dagokio.
Palestinarren aurkako erasoa hasi ostean, CAFek adierazi du Israelen dituen negozioek ez dutela "kalterik" jaso, eta Israelen dituen langile guztiei –ehun langile baino gehiago– "telelana" egiteko eskatu die. Bi proiektu handi ditu esku artean CAFek palestinarrei lapurtutako lurretan, Saphir eraikuntza-enpresa israeldarrarekin batera: Tel Aviveko tren arinaren eraikuntza eta Jerusalemen eta lurralde okupatuetan eraikitzen ari diren kolonia israeldarrak batuko dituen tranbia polemikoa.
Hori dela eta CAFi kontratu honi uko egiteko eskatuz kanpaina abiatu zuten LABeko langileek lehenik, gero enpresa komite osoak eta gaur egun nazioarteko kanpaina bilakatu da. Palestina Askatzeko Erakundeak publikoki eskertu zuen CAFeko langileen jarrera. CAFek ez entzunarena egin die kritikei, negozioa lehenetsita.
"Brandalism" ekimena Donostian
ARGIAk jakin duenez, "CAFen hipokresia" salatzeko Donostiako bi markesinatan ekimena egin dute, Israelen erasoarekiko Beasaingo enpresaren atxikimendua erakusten duten bi publizitate-kartel paratu dituzte. Hebreerazko esaldian "Palestina Askatu" jartzen du.