Vox alderdi ultraeskuindarraren helegite bat aintzakotzat hartuta, ezeztatu dute dekretua, txosten ekonomikoa "eskasa" delakoan. Epaia ez da irmoa eta Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio-errekurtsoa jar daiteke.
"Hizkuntzaren plangintzarako" neurriak proposatzen ditu sektore publikoan euskararen erabilera arautzeko Jaurlaritzaren dekretuak, baina horien "inpaktu ekonomikoa" ongi ebaluatuko duen txosten bat ezinbestekoa dela dio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Hori da 2024ko dekretua baliogabetzeko arrazoia.
Auzitegiko informazio iturriek errandakoari segi, Vox alderdiaren bestelako argudioak ez dira kontuan hartuak izan, "generikoak" eta "lausoak" direlakoan. Besteak beste, dekretuak Espainiako Konstituzioaren hainbat artikulu urratzen dituela dio alderdi ultraeskuindarrak.
Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egindako txosten tekniko bat ere aipatzen da sententzian. Ikerketa txosten "zabala, xehea eta landua" dela zehazturik, Auzitegi Nagusiak dio dekretuaren bidez hizkuntza normalizaziorako ezarri nahi diren kostuen "estimazioa" ez dagoela behar bezala eginda.
Beti ere auzitegiko iturrien arabera, epaia "ez da irmoa" eta Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea jar daiteke. Berria-k jaso duenari segi, asteazken arratsaldean oraingoz epaia aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza, zer egin erabakitzeko.
2024ko dekretu horren kontrako helegiteak jarri zituzten PPk eta Voxek, eta justu horien ondorioz martxan jarri zen beste auzibide ezohiko bat ere: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Euskal Enplegu Publikoaren Legeko 187.5 artikuluari buruz galdetu zion Espainiako Auzitegi Konstituzionalari, hizkuntza eskakizunak konstituzionalak diren ala ez argitzeko. Uztail honetan argitu zuen auzitegi horrek ez zuela galdea onartu ere egin.
Duela 27 urteko dekretua ordezkatu zuen 2024. urtekoak.