“Salagarria da Zupiria ardura gabe uztea”

  • Global Sumud Flotillako kideek maiatzaren 23an Loiuko aireportuan lur hartu zutenean Ertzaintzak egindako kargengatik Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriaren aurkako kereila atzera bota dutela-eta, kexu agertu dira flotillako kideen abokatuak. “Salagarria da ardura gabe uztea, berak publikoki aitortu zuelako Poliziaren erasoaren ardura beregain hartzen zuela”.


2026ko urriaren 2an - 08:31
Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiria. EAJ
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Loiuko operatiboa agindu eta zuzendu zuten Ertzaintzako arduradunen, esku hartu zuten agenteen eta Zupiriaren aurka jarri zuen kereila Global Sumud Flotillak, lesio-delituak, legez kanpoko atxiloketa, osotasun moralaren aurkako erasoak, gorroto-delitua eta Zigor Kodearen 540. artikuluan jasotako delituak –funtzionario publikoek egindakoak– egotzita.

Global Sumud Flotillako euskal delegazioaren ongietorrian hainbat pertsona zauritu ziren, horien artean, Zupiriak jakinarazi zuenez, hamalau polizia. Baina Segurtasun sailburuak ez du lesio horien informazio gehiagorik eman nahi izan. ARGIAk datuak eskuratu ditu: "kontusioak" (kolpeak), "algiak" (minak), eta "bihurrituak". Horiek dira Mutuako medikuaren diagnostikoak, hain zuzen, Loiun atxilotutako lau ekintzaileen desordena publikoagatiko epaiketan erabiliko dituzten probetako batzuk.

Genozidioa salatzea, “eskubide zibil eta politikoa”

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren iritziz, "forudunarekin [Zupiriarekin] lotutako gertakarietan ez dago inola ere kereilak lekartzakeen deliturik"; are, ez dago jasota sailburuak "inolako esku-hartzerik izan duenik kereila-idazkian zein bertan aipatzen den esku-hartze aginduan laburki azaldutako gertakarietan". Autoa ez da irmoa, eta flotillako ordezkariek errekurtsoa jartzeko aukera dute. Abokatuek azaldu digute komunikabideen bidez jakin dutela Zupiriaren kontrako kereila artxibatua zela. “Arduradun politiko bat salatzen denean hauek babestu egiten dira denaren gainetik, inolako ikerketarik egin gabe artxibatu eta epailea baloratzen sartzen da aurretiaz”, diote.

Bestalde, salatutako ertzainei dagokienez, forudunak ez diren heinean, jarduketa judizialak Bilboko Instantzia Auzitegiko Instrukzio Sekziora pasa dira. Global Sumud Flotillako abokatuek aurkeztu zuten Ertzaintzaren eta bere arduradunen aurkako kereila kriminala, flotillako euskal delegazioaren izenean, eta “basakeria handiz” egindako esku hartzea ikertzeko eskatu zuten.

“2026ko maiatzaren 23an flotillako kideen kontra emandako eraso bortitza salatzen, gertatutakoa iker dadin eskatzen eta erantzukizunak har daitezen eskatzen jarraituko dugu”, esan diote ARGIAri haien abokatuek. “Ertzaintzaren basakeria mundu osoak ikusi zuen, irudiak argiak dira”, diote, “genozidio bat salatzea eskubide zibil eta politiko bat delako aurrera jarraituko dugu”.

 


2026ko irailaren 30
Asier Herranz eta Youssef Brahim, Palestinaren aldeko ekintzaileak
"Palestina defendatzea terrorismoa bada, nazioarteko komunitatearen %40 terrorista da"

2026ko irailaren 30
Hipokresia

2026ko irailaren 9
Ertzainen mediku txostenak argitara
Flotillakideei oldartu, eta lesioak salatu

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.