Larunbatean Ertzaintzak Loiun (Bizkaia) izandako esku hartze “larria”, eta Ertzaintzak berak abiatu duen barne ikerketa aztertuko dituela iragarri du Arartekoak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak legebiltzarrean azalpenak eman aurretik. 12:30ak aldera hitz egingo du Zupiriak, baina goizetik jendetza bildu da protesta egitera.
Larunbatean Ertzaintzak izandako jarrerak hautsak harrotu ditu gurean zein nazioartean. Ez da gutxiagorako, izan ere, Global Sumud flotilla ekimen humanitarioko kideak jazarpena eta jipoiak tarteko Israelen atxilotuta egon ondoren, Ertzaintzak jipoi gehiagorekin eta lau atxiloturekin egin zien ongi etorria Euskal Herrira. Egoeraren larritasunak bultzatuta-edo, Zupiriak bere gain hartu zuen bere "erantzukizuna", eta barne ikerketa bat iragarri zuen. Baina polizia-dispositiboa ez ezik, "aireportutik irteteko gunean izan ziren portaera eta probokazio batzuk" ere ikertuko dituztela aipatu zuen.
Arartekoa, ordea, badirudi ez dela Ertzaintzaren barne ikerketa horretaz fio, eta ofizioz espediente bat abiatu du. Ikertu egingo ditu bai ertzainen indarraren erabilera, bai Ertzaintzak gertakariei buruz egingo duen barne ikerketa. Arartekoak egiaztatu egin nahi du ea bata eta bestea “bat datozen aplikatu beharreko arau, jarraibide eta printzipioekin”, baita Ararteko berak 2011. urtean Poliziaren jarduerarako proposatu zituen gidalerroekin ere.
Larunbateko jokabidearen ondoren, Ertzaintzak atxilotuei leporatu zien “desobedientzia larria, erresistentzia eta agintaritzaren aurkako atentatua”. Hala ere, Arartekoak Ertzaintzari bakarrik egotzi dio joan den larunbatean Loiun izandako istiluen erantzukizuna, "zabaldutako irudietan" oinarrituta. Mikel Mancisidor Arartekoak bere kabuz aktibatzen duen lehen ikerketa izango da, eta eman duen azalpen laburraren arabera, "gertaeren larritasunagatik eta Ertzaintzako agenteek protagonizatutako garrantzi handiko gertakariaren gainean duen eraginagatik" hasi du.