argia.eus
INPRIMATU
EAEko Ahal Duguk bere kargudunek eta langileek euskaraz jakitea jaso du lehenengo euskara planean
  • Lehenengo euskara plana prestatu du Ahal Dugu alderdi politikoak. 2019tik 2021era iraungo du. Alderdi barruko zirkuluak eta kargu politikoen jarduna aztertu dute. Euskararen erabilera oso murritza da alderdian eta kanpora begira.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 21a

Alderdi barruko 35 zirkulu aztertu dituzte eta erabilera emaitzak oso xumeak dira. Erabilera datu onena kanpora begira landutako idatzizko komunikazioetan lortu dute: %34. Hurrengo, barnera begirako idatzizko komunikazioa dator (%23). Ahozko kanpo komunikazioan %19an daude. Ahozko barne komunikazioan ehunekoa are gehiago jaisten da: %3. Etxe barruan galdetu dute zergatik halako erabilera apala. Batetik, alderdikide dezentek ez daki euskaraz, eta bestetik, dakitenek euskara erabiltzeko ohitura gutxi dute.

Ondoko helburuak lortu nahiko lituzkete 2021erako: barne komunikazioan, ahoz, erabilera %20ra igotzea; kanpo komunikazioan ahoz %30era igotzea; eta idatziz %50era. Zirkulu bakoitzean euskara arduradun bat jarriko lukete dinamizazio lanetarako.

Etxeko barruko zirkuluez gain, erakunde publikoetan egoera ere aztertu dute eta hizkuntza irizpide batzuk ezarri dituzte. Erakundeetan karguak dituztenek B2 maila (EGA baino maila bat beherago) izan beharko dute eta horretarako euskaltegira joan edo lantokian eskolak hartu beharko dituzte. Langileek ere B2 maila izan beharko dute eta kontratatzerakoan kontuan hartuko dute euskara maila.