Horretarako harremanetan da jada EAEko LHK Lan Harremanen Kontseiluarekin eta plan bat eskatu dio, “datorren ikasturterako euskaraz negoziatu ahal izateko plan zehatz bat prestatzeko”.
Ekimenarekin LABek segida eman dio ELAk lan-hitzarmenak euskaraz negoziatzeko egindako proposamenari, baina zehaztu du ez dakiela zergatik ELAk mugatzen duen negoziazio hori 27 mahaitara, EAEn negoziatzen ari diren hitzarmenak 47 direnean.
LABen ustez, LHKri eskatutako planaren bidez, hitzarmen horietan guztietan euskararen erabilera bermatu beharko litzateke baliabideak, irizpideak eta antolaketa-neurriei dagokienez. Sindikatuak agiriz jakinarazi duenez, hitzarmenak euskaraz negoziatzeaz gain, “negoziazio kolektiboak euskara gehiago behar du”. Horretarako, ezinbestekotzat jo du bai sektore mailan, bai enpresetan euskara planak sustatzea eta garatzea.
LABen esanetan, sindikatua aspaldi ari da LHKrekin “euskarak izan behar duen presentziaz eta erabileraz”, eta lan horren ondorioz, hainbat neurri hartu izan dira jada: “Bitartekariak euskal hiztunak izatea eskatu izan dugu, eta egindako lanketaren ondorioz, gaur egun bitartekari ia guztiak euskal hiztunak dira”.