argia.eus
INPRIMATU
EAEko 1,5 milioi toponimo jaso ditu Jaurlaritzak izendegi geografiko batean
  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako izendegi geografikoa jarri du martxan Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak. Toponimo ofizialak eta Euskaltzaindiaren arabera lehenetsitakoak daude bertan.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 13a

Bilatzaile baten bidez, Euskal Herriko hiru probintzitako toponimo ofizialak aurkitu eta mapan kokatu ahal izango ditu erabiltzaileak, Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako webgunean. Donostian asteazkenean egindako aurkezpenean azaldu dutenez, 2015etik aritu dira lanean "Euskal Izendegi Geografikoa" osatzeko eta 81.248 fitxa bildu dituzte, aldaerak eta erlazionatutako izenak kontuan edukita 1.500.000 toponimo dira.

Europar Batasunak finkatutako ereduari jarraitu diote toponimoen bilketa egiteko eta Bingen Zupiria Kultura sailburuak azaldu duenez Espainiako Estatuko izendegi geografikoan integratuko da. Horren garrantzia azpimarratu nahi izan du politikariak, kasu askotan oraindik erdal izenez ageri baitira toponimo asko estatuko eta nazioarteko mapetan eta "oso garrantzitsua da Espainiako Institutu Geografiko Nazionalak onartzea hemengo deitura ofizialak oinarri bezala, zeren eta bere bitartez proiektatuko dira Europara eta mundura". Bere ustez, "denborarekin" Google Maps bezalako aplikazioetan ere euskal izendegi ofiziala erabiliko da. 

Administrazioak onarturiko izen ofizialak, Euskaltzaindiaren gomendioen arabera lehenetsitakoak, ahozko aldaerak eta alonimoak –izen bat baina gehiago duten toponimoak– azaltzen dira bilatzailean. Izen bakoitzari bere geometria ezarri zaio eta beste garai batzuetako mapetan ere kokatu ahal izango da. Horrez gain, toponimoei loturiko ikerketa iturriak eta ahoskeraren inguruko aholkuak ere azaltzen dira zenbait kasutan.

Estibalitz Alkorta Euskara Sustatzeko zuzendariaren hitzetan, izendegia osatuz joango dira hemendik aurrera ere: "Azken urteotan udaletatik etorritako datu asko eta asko Izendegian kargatu behar ditugu, eta lan hori apurka-apurka joango gara egiten". Zentzu horretan, webgunean iradokizunak egiteko aukera ere izango da.