“Ea gai garen Aiaraldeko euskaltzaleen txinparta zabaltzeko”

  • Garikoitz Goikoetxeak eta Iñaki Iurrebasok iaz argitaratu zuten Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan (Elkar) liburua. Harrera beroa izan du: aurkezpenetan 2.000tik gora entzule izan dituzte eta liburuaren hirugarren edizioa atera behar izan dute. Euskaltzaleei termometroa jartzeko aukera eduki dute. Goikoetxeak bi kontu behintzat azpimarratu ditu: gazteak badabiltza eta entzule gehienak emakumeak dira.

Garikoitz Goikoetxea 'Esnatu ala hil' liburua aurkezten, Zestoan. Danbolin.

2026ko maiatzaren 12an - 12:41
Azken eguneraketa: 13:52
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Zer moduzko harrera izan du liburuak?

Guk espero baino askoz hobea. Oker ez banago, liburuak hiru edizio izan ditu. Bada argitaletxearen aurreikuspenak gainditu izanaren seinale bat. Oso pozik gaude oihartzunagatik eta salmentagatik. Dena den, gure helburua olatu euskaltzalea lortzeko jendearen kontzientzia piztea zen eta sentsazioa daukagu horretan aletxo bat jartzen ari garela. Batez ere, horregatik gaude oso pozik.

Aurkezpenak kontatu dituzue?

Gaur [maiatzak 7] daukat 60.a Lemoan (Bizkaia). Lemoara arte, 2.100 pertsona inguru egon dira aurkezpenetan. Iñaki Iurrebasok bere tesia aurkeztu zuenean ere, hitzaldi mordoxka egin zituen. Hala, liburua atera aurretik eta ondoren egindako saioak kontuan hartuta, emaitza da 119 hitzaldi eta ia 5.000 entzule. Eta handituko da kopurua, maiatzerako, ekainerako eta udazkenerako ere lotuta dauzkagu batzuk, baita 2027rako saioren bat ere. Alde horretatik, sumatu dugu badagoela nahi bat, egarri bat, egoeraren diagnostikoaren berri izateko.

Non egin dituzue aurkezpenok?

Eremu zabalean. Ipar Euskal Herrian mugatuago, baina hegoaldean Tuteratik hasi, mendebaldean Trapagaranen saio bat lotuta daukat, Bizkai aldean dezente, Gipuzkoan ere bai, Araban ere bai. Eremu soziolinguistikoaren arabera, interesa ez da sortu euskararen testuinguru jakin batean; udalerri oso euskaldunetan egon gara, baita euskarak oso presentzia txikia daukan tokietan ere. Herrietako hitzaldietan, eskatzaileak, gehienetan, euskara elkarteak eta udalak dira. Bestetik, eragile jakin batzuen eskaerak izan ditugu: Irale, EHU, UEU, Elhuyar, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, AEK, Taupa...

Bizkaia azpimarratu nahiko nuke. Euskararen eremuan eta gure gipuzkoarzentrismoan sentsazioa izaten da Bizkaian hutsunea dugula, baina egia esan, nabarmen, herri askotan jendetza handiko hitzaldiak izan ditugu. Adibide bat jartzeko, Algortan 101 lagun bildu ziren. Euskaltzale masa bat badabil, eta askotan gazteak dira. Bizkaiko herri batzuetan nabarmen ikusten da, ez guztietan, baina batzuetan bai, gazte jendea ari da sare euskaltzaleetara gerturatzen Gernikan, Durangon... Bigarren gogoeta bat ere badago: gazte emakumeak dira askotan. Adinaren eta generoaren araberako datu zehatzak ez ditugu jaso hitzaldietan, baina gehiengo handia emakumeak dira. Hor badaukagu aztertu beharreko beste puntu inportante bat.

Bizkaian jasotakoa kontatu duzu. Termometroa jarri duzuenean, orokorrean, zer aurkitu duzue?

5.000 laguneko langara iritsi gara, ez oso formatu modernoarekin, hau da, iluntze batean aurkezpen bat herri batean, ez da formatu berritzailea, baina badago egarria, euskaltzaleen arrastoa sumatu dugu. Hori esanda, eremu geografikoaren arabera desberdintasun handiak daude. Eremu batzuetan, erlatiboki, atzerapauso batzuk eman ditugu, eta besteak beste, arnasguneei eta udalerri euskaldunei buruz ari naiz. Euskaltzale horientzat egoera gogorra da, etsigarria ere izan daiteke, eta etsipenerako arrisku handia ere izan dezakegu. Kontrara, beste eremu batzuetan pausoak ematen ari gara, nahiz eta batez ere adin batetik gorako euskaltzaleen artean badagoen sentsazioa espektatibak bete ez izanarena. Aldi berean, belaunaldi berriek bestelako ikuspegiak dakartzate.

"5.000 entzuleko langara iritsi gara, ez oso formatu modernoarekin, hau da, iluntze batean aurkezpen bat herri batean, ez da formatu berritzailea, baina badago egarria, euskaltzaleen arrastoa sumatu dugu"

Esan ohi da gazteak ez dabiltzala...

Ezusteko atsegina izan da zenbat herritan zenbat gazte bildu diren. Hitzaldi batzuetan batez besteko adina nirea baino gazteagoa zen, eta nik 37 urte dauzkat. Askotan aipatzen denaren kontra, gazteak badatoz euskalgintzara, herrietan ikusten da. Herri guztietan? Ez. Izan ditugu aurkezpenak batez beste 75 urteko adinekoekin.

Belaunaldien arteko transmisioa euskalgintzaren erronka handietako bat da. Hitzaldietara bakoitza bere motxilarekin, ibilbidearekin, iritziekin eta aurreiritziekin dator. Egoera ez du berdin ikusten mundu horretan bizitza guztia daraman 80 urteko gizonak eta ikasketak bukatu eta lanean hasi berri den 25 urtekoak. Belaunaldien arteko elkarrizketa oso interesgarria da, beti ere, ez bada elkarri errua botatzeko.

Liburua aurkeztu zenutenean bi helburu zenituztela esan zenuten: euskarak bizi duen egoera ulertzeko tresna bat eskaintzea eta euskaltzaleak aktibatzea. Gustura zaudete egindako bidearekin?

Helburuak, neurri handi batean, bete ditugula uste dut. Liburuari dagokionez, ia obsesioa izan zen kaleko euskaltzaleek ere eroso irakurtzeko moduko lan bat egitea. Irakurle gehienek aipatu digute eroso irakurtzeko modukoa dela, baina horrek ere badu zeharkako albo-ondorioa: mila orriko tesi batetik liburu batera ñabardura asko bidean galtzen dira. Ez da kafeteroentzako, horiek hor daukate tesia.

Euskaltzaleak aktibatzeari dagokionez, guk badakigu hau baino gehiago eta zerbait handiagoa beharko dela euskaltzaleak aktibatzeko, eta akaso, azken urteotako etsipen giroari buelta emateko. Gure helburua aletxo bat jartzea izan da. Aiaraldean [Araba] martxan jarri duten prozesua nabarmendu nahiko nuke, beste eskualde askotarako bide erakusle izan daitekeelakoan.

Kontatu, mesedez.

Aiaraldean liburu hau abiapuntu gisa hartu dute, eta euskaltzaleak bildu eta ohartarazi: erronka bat jartzen digu honek mahai gainean, zertan hasi behar dugun gauzak berritzen. Gogoeta prozesua martxan dute eta espero dugu bide oparoa egingo duela. Lehen deialdi hura larunbat goiz osoko plana izan zen, ez zuten deialdi publikorik egin, baizik eta telefonoz jendea lotzen aritu ziren. Jendea aurretik zehaztutako irizpide batzuen arabera lotu zuten: eskualdeko herri bakoitzeko “ordezkaritza bat” eta parte-hartzaileen erdiak 35 urte baino gutxiagokoa izan behar zuen. Planteamendua ez zen “gazteak ez datoz” esatea, baizik eta “ekar ditzagun gazteak, egin diezaiegun lekua”. Eta hirugarrenik, jendea gonbidatzerakoan mezu oso inportante bat eman zuten, beste leku askotarako ere baliagarri izan daitekeena: ez gara bilduko negar egiteko, ez gara bilduko penak konpartitzeko, baizik eta egoeraren kontzientzia hartzeko eta eman behar ditugun urratsak mahai gainean jartzeko. Dauzkagun minak eta ezintasunak mahai gainen jarri behar dira, baina horrek ez gaitu ilunaldi batean sartu behar. Azken hamarkadatan ikusi dugu ekimenak ekarri gaituela hona, gauzak egiteak, eta aurrerantzean ere horren beharra ezinbestean izango dugu. Beraz, ea gai garen Aiaraldeko txinparta beste eremu batzuetara zabaltzeko. Eta gu horrekin, benetan pozik.


Irakurri gehiago: Euskara
Euskara kanalean gehiago
2026ko ekainaren 15
Amagoia Gordobil eta Jagoba Apaolaza (Gasteizko Udaleko oposizioak euskaraz egin dituzten euskaldunak)
"Galzorian dagoen espeziea bezala tratatzen gaituzte euskaldunok"

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.