Higiezinen eta turismoaren desarautzea medio, Toscanako (Italia) hiriburuaren erdigune historikoa bizilagunez hustu da. El Salto hedabideak egindako erreportajearen arabera, Florentziako bizi maila nabarmen garestitu da azken urtetan, eta periferiako auzoetara ere kutsatzen ari da. Salviamo Firenze (Salbatu dezagun Florentzia) plataforma bizilagunak, negozio txikiak eta erakundeak mugiarazten ari da hiriaren turistifikazioa geldiarazteko.
Florentziako Duomoa, latinez domus, etxea da. Hori dio hiztegiak, baina gaur egun zaila da sinestea oraindik florentziarrena denik. Akaso turistena izanen da; izan ere, katedraletik irten eta paseo labur bat egitea nahikoa da hiriaren hizkuntza berria ulertzeko. Lehendabiziko hitza: souvenir. Bigarrena: free tour. Hirugarrena: ice cream. Kaleak merchandising dendaz josita daude; ur botila batek 2,5 euro balio du; free tourretako gidariek banderatxoa altxatzen dute bortz metroro; eta txoko guztietan ilarak sortzen dira "Florentziako paninirik onena" probatzeko.
Eszena hori ez zaio arrotza egin izanen hiri turistiko batean bizi den inori. Donostiarren batek baino gehiagok, adibidez, déjà-vu bat edukiko zuen; “cheesecake” onena probatzeko ilarak; tabernetan menuak ingelesez; Alde Zaharreko atarietan alokairu turistikoen plakak pilatuta, eta Boulevardeko errepidean Uber-ak nonahi. Galdera deserosoa bera da han eta hemen: noiz uzten dio hiri batek bertan bizi direnen etxea izateari, bisitarientzako helmuga bihurtzeko?
Galdera horri tiraka erreportaje bat ondu du El Salto hedabideak. Turismoaren hazkundeak Florentzian utzitako arrastoari erreparatu dio: bisitari kopuruak goiti egin duen neurrian, etxebizitzaren prezioak garestitu egin dira, alokairu turistikoak ugaritu egin dira, eta auzoetako merkataritza eraldatu egin da. Emaitza argia da: gero eta florentziar gehiagok sentitzen dute beren hiria ez dagoela haientzat pentsatuta.
Hiriak 360.000 biztanle ditu, baina 2024an 16 milioi turista baino gehiago jaso zituen, egunean 44.000 batez bertze. Hiriko Centro Studi Turistici (CST) erakundearen kalkuluen arabera, 2025eko azarora arte, nazioarteko iritsierak % 7,1 hazi ziren, eta gaualdiak, berriz, % 8,5.
Antzeko joera errepikatzen da hemen ere. Nastaten arabera, 2024an aitzineko urtean baino %8 gehiago hazi zen turismoaren sektorea Nafarroan; guztira, bi milioitik goiti turista ailegatu ziren. Eustaten arabera, berriz, 2025ean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostatu turistikoetan 4.619.799 sarrera izan ziren, 2024an baino %5 gehiago.
El Salto-ko kazetariak Salviamo Firenze plataformako bozeramaile Massimo Torelli elkarrizketatu du, eta horrek aitortu dio florentziarrak “sandwich batean bezala zapalduta” sentitzen direla. Plataformaren kalkuluetan oinarrituta, hirigune historikoan 30.000 etxebizitza daude, eta apartamentu turistikoak, guztira, 15.000 dira. Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, 2025ean 6.246 etxebizitza turistiko zeuden Hego Euskal Herrian, aitzineko urtean baino %12,7 gutxiago. Aurtengo lehen datuek, ordea, erakusten dute gorako joera berritu dela, 6.629 baitira orain, %6,1 gehiago, alegia.
Florentziara itzulita, Torellik sandwicha zatikatu egin dio El Salto-ko kazetariari. “Goitik, Londrestik edo Singapurretik datozen inbertsio funtsak daude, eraikin osoak erosi eta apartamentu edo superluxuzko hotel bihurtzen dituztenak. Edo, bertzela, beren bigarren edo hirugarren egoitza hemen erosten duten aberatsak”, azaldu du. Behetik, “turismo masiboa” da nagusi: “Iraupen laburreko alokairuak eta janari azkar bihurtzen diren auzoko dendak”. Bi horien artean, berriz, auzokideak egonen lirateke.
Plataformarentzat egungo egoeraren ardura udal gobernuena da. Unescok Florentziako zentroa gizadiaren ondare gisa izendatu zuen 1982an, eta horrek baimenak emateko sistema zorrotza ahalbidetzen zuen. Alabaina, Alderdi Demokratikoko alkate Dario Nardellak 2018an aldaketa terminologiko bat zekarren arau polemiko bat sartu zuen indarrean: “errestaurazio kontserbatzailea” kontzeptuaren ordez, “eraikinaren berritze mugatua” kontzeptua ezarri zuen.
"Neurri horrek desarautze urbanistikoa dakar, inbertitzaileei ondare historikoaren gainean jarduteko askatasun zabala ematen baitie"
Praktikan, plataformaren arabera, aldaketa horrek aukera ematen du higiezinen barne-banaketa aldatzeko eta eraikinak, udalaren baimenik gabe, bertze erabilera batzuetara bideratzeko; betiere katastroko izena aldatzen ez bada. Plataformak “desarautze” urbanistikotzat jotzen du, "inbertitzaileei ondare historikoaren gainean jarduteko askatasun zabala ematen baitie".
Lege horrek eduki dituen ondorio errealak neurtu ditu Italia Nostra kultura-ondarea zaintzen duen erakundeak. 2023an egindako txostenaren arabera, 2011tik 2021era bitartean Florentzian hotelen eta jatetxe establezimenduen eskaintza ia bikoiztu egin da, 1.963 izatetik 3.144 izatera. Alde zaharrean bizi zen biztanleria, berriz, %10 murriztu zen.
“Ez dugu turismoaren beharrik”
Bozeramaileak El Salto-ri adierazi dio orain plataformaren helburua dela “turismoaren beharrik ez” dutela erakustea. Izan ere, Toscanako BPGaren %13 baino ez dagokio turismoari, eskualde aberatsa baita, industria duena. “Turismoarentzat beti eskualde erakargarria izan garen arren, inoiz ez gara haren mende egon. Gezurra da”, azaldu du Torellik.
“Turismoarentzat beti eskualde erakargarria izan garen arren, inoiz ez gara haren mende egon. Gezurra da”
Salviamo Firenzek garaipen txikiak baina sinbolikoak eduki dituela azaldu du bozeramaileak erreportajean. Erraterako, 2024an "keybox" deiturikoak debekatzea lortu zuen: apartamentu turistikoen erabiltzaileek giltzak jaso ditzaten konbinazioa duten kutxatila ezagunak, jabeak edo bertze edozein bitartekarik artatu beharrik gabe. Hilabeteetako sare eta kaleetan egindako kanpaina baten emaitza izan zen, geroago Erromara eta herrialdeko bertze hiri handi batzuetara kutsatu zena.
Toscanako bertze hiri turistiko batzuetan, tartean Pisa edo Siena, udalek erabilera turistikoen etxebizitza kopurua topatu edo gehiago murriztu ahal izatea arautu dute. Florentzia ez da inoiz neurri hori aplikatzera ailegatu. Baina Torelli baikor agertu da "keyboxen" aurrekaria dela eta: “Proiektu handi bat gelditu behar dugu epaitegietan. San Gallo ospitale zaharreko hotela izan daiteke. Proiektu handi bakar bat behar da inbertitzaileek Florentzia beren dirurako leku seguru gisa ikus ez dezaten”.
Euskal Herrian ere hasi dira zenbait neurri hartzen. Erraterako, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan tasa turistikoa ezarriko dute 2027ko urtarrilaren 1etik aitzin. Baina turismo masiboaren aurkako plataformak beldur dira tasa hori turismo masiboari aurre egiteko neurri bakarra izanen ote den. Bien bitartean, Donostian duela astebete ireki dute Hilton hotela, eta Four Seasons luxuzko kateak ere hirian hotel bat irekitzeko asmoa agertu duela ohartarazi du EH Bilduk. Ikusteko dago Donostiak Udalak zer jarrera hartuko duen.